Errenteria nagusi XXXV. Azkoitiko Hiria Xake Txapelketan

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 26a, 09:32

Igandean, atzo, XXXV. Azkoitiko Hiria Xake Txapelketa jokatu zen Kontzejupean —VI. Joxe Azkue oroimenezko saria—.  Errenteriako Fomento Cultural taldea izan zen garaile 61 puntu batuta.

 

Errenteriarrek zazpi puntuko aldearekin lortu zuten txapelketa bereganatzea. Bigarren postuan Easo taldea sailkatu zen 54 punturekin, eta hirugarren Barakaldo, 53,5 puntu batuta. Azkoitiarren A xake taldeak seigarren postuan amaitu zuen txapelketa, 48,5 puntu batu ondoren, eta B taldeak hamabigarren, 24,5 punturekin.

Guztira hemezortzi talde elkartu ziren hamazazpi erronda "gogor eta neketsu" jokatzeko, adierazi zuen Jose Luis Fernandez Anaitasuna Kakute Xake Taldeko lehendakariak. Anaitasuna Kakute Xake Taldearentzat "arrakastatsua" izan da hemezortzi talde elkartu eta guztiak "gustura" sentiaraztea.

Txapelketa "festa bat izateko" dago prestatuta. "Mikel Almansa txapelketako epaileak lan handia egin zuen txapelketa zehaztuta zegoen orduan amaitzeko", adierazi zuen Fernandezek. Amaitzeko, Joxe Azkue zenari omenaldia egin zitzaion, eta Fernandez lehendakariak taldearen zuzendaritzan daramatzan 25 urteak ere ospatu zituzten partaideek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide