EH Bildu: «Zaborren arduragabekeria larriaren arduradunak Javier Zubizarreta eta bere gobernua dira»

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 23a, 15:28
Argazkian, Azkoitiko EH Bilduko ordezkariak: Jakes Uranga, Gaizka Larrañaga eta Ainara Goenaga.

Azkoitiko EH Bilduk esan du «zaborren arduragabekeria larriaren arduradunak Javier Zubizarreta eta bere gobernua» direla. Izan ere, EH Bilduko ordezkariek uste dute «inprobisazio eta gestio txarraren ondorioa» izan dela Aizpurutxon zabor bilketarekin gertatu dena, eta «baliabideetan murrizketak egitearen beste ondorio bat», izan dela ere gaineratu dute. 

 

EAJk atzoko prentsa agerraldian hondakinen kontrola eramatea mankomunitatearen ardura dela adierazi bazuen ere, EH Bilduk uste du Azkoitiko Udalarena dela zeregin hori, besteak beste, bere gain hartu zuelako hondakin bilketaren jarraipenaren ardura 2016ko ekaineko udalbatzan. Hau esan zuen EAJk ekaineko bilkuran: 'Ikuskatze lana egitea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, baina lan hauek udaletxetik zuzenean egitea egokiagoa ikusten dugu'.

Hau horrela izanda, EH Bilduri «tristea» iruditzen zaio «ardurak beste batzuei bota nahi izatea eta orain presaka ardura mankomunitatera itzuli nahi izatea».

Hori guztiaz gain, EAJko agintariak «herritarrei gezurretan» ibili direla esan du EH Bilduk: «Aurreko astean prentsan agertu ziren esanez arazoa konponduta zegoela eta atzo, osteguna, beraiek onartu zuten lehengo astetik zutela bideoaren berri. Beraz, inkopetenteak ala ezkutatzaileak dira? Zerren zain egon dira herritarrei honen berri emateko? Orain ikerketa zabalduko omen dute, baina bideoa sare sozialetan zabaldu arte, ez al zegoen ikerketarako arrazoirik? Ikuskatze lana udaletxetik egin behar bazen non egon dira?».

Bukatzeko, atzoko prentsaurrekoan Javier Zubizarretak esandakoaren harira, honako galdera hau luzatu du EH Bilduk: «Norena da Zubizarretak aipatzen duen joko zikina? Ez da ba izango EAJrena gauzak ezkutatuz eta herria engainatuz?»

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide