Urola Erdiko Mankomunitatea: «Udalaren jarraipenik ezaren eta Serbitzuren bilketa okerraren ondorioa da Aizpurutxokoa»

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 22a, 18:25
Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakaria eta Orkatz Goenaga, ingurumen teknikaria.

Urola Erdiko Mankomunitateak gaur arratsaldean prentsaurrekoa eman du Azkoitiko plazan Aizpurutxon egindako hondakin bilketan gertatuakoaren inguruan eta gaiak hartu duen oihartzunaren inguruan azalpenak emateko.

 

«Urola Erdiko Mankomunitateak argi esan nahi du Aizpurutxoko hondakinen bilketan gertatutakoa Azkoitiko Udalaren hondakinen bilketa sistemaren inguruko jarraipenik ezaren eta Serbitzu enpresaren bilketa ezin okerragoaren ondorio direla. Eta Mankomunitateak Azkoitiko Udalari exijitzen dio hondakinen bilketaren jarraipena egin eta horrelakorik gehiago gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzeko», esan du Aitor Bereziartua Mankomunitateko lehendakariak.

«2017 hasieratik, zeregin horietarako Mankomunitatean baliabiderik ez du jartzen Udalak. Bere gain hartuak ditu zeregin horiek 2016ko ekaineko plenoan onartu bezala. Beraz, Mankomunitateak egitea nahi badu, berriz, baliabideak jarri beharko ditu», jarraitu du Mankomunitateko lehendakariak. «Zerbitzu hori bere gain hartzeko hautua egin zuenean deuseztutako hezitzaileen bi lanpostuak berreskuratzeko baliabideak jarri beharko ditu», argitu du Bereziartuak.

Lehendakariak hezitzaileen lana zer den azaldu du: «Zabor guneetara joan, kontrolatu, begiratu, zer egin behar den erabaki, gutunak bidali, isunak jarri behar baldin badira jarri, jendeari azalpenak eman... Horiek dira hezitzaile baten lanak, gaur egun Azkoitian ez daudenak», azaldu du Bereziartuak.

«Medioen bidez jakin dugu guk ere, Azkoitiko Udala bezala, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa gertatutakoa aztertzen ari dela. Ondo deritzogu aztertzeari, azter dezatela Azkoitiko Udalaren, Serbitzuren edo bien utzikeriak sortu duen egoera hau. Guk ere hartuko ditugu neurriak. Oraingoz, hartuko ditugun neurriak jakinarazi dizkiegu gaur goizean bi aldeei: Serbitzuren jokabidea aztertuko dugu, eta beharrezkotzat jotzen bada espedientea irekiko diogu. Ez da izango lehen aldia horrelako neurriak hartuko dituguna», gaineratu du.

«Gure eskualdean, herri bakoitzak hartzen ditu bere hondakin sistema bilketaren inguruko erabakiak. Erabakiak hartu eta baliabideak ipini, bilketa hori posible izan dadin. Betiere, oinarrizko irizpide komun baten baitan: gaikako bilketa egitea. Ez dugu bestelako bilketarik onartzen. Hortik aurrera herri bakoitzak eskatutako bilketa sistema eskaintzeko egiten dugu lan. Azkoitian ere beraiek aukeratutako bilketa sistema dute, kontrol eta sentsibilizazio zerbitzurik ez dute, ez dutelako horretarako baliabiderik jartzen», azpimarratu du Bereziartua lehendakariak.

«Bukatzeko esan, zur eta lur gaudela Azkoitiko Udalak bideo hori aurreko astetik ikusita izan eta inongo neurririk hartu ez duela jakitean. Zur eta lur astebete beranduago eta gaia medioetan irten denean jo duelako Mankomunitatera». Bereziartuak gaineratu du, Mankomunitateari ez zitzaiola aurreko astean «ofizialki» Azkoitiko Udaletik gaiaren inguruko jakinarazpenik iritsi. «Ordura arte, neurririk hartu ez izana eta jakinarazi ez izanak arduratu egiten gaitu benetan. Akaso Udalak hori bere ardura dela uste zuelako izango da?», adierazi du azkenik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide