Mankomunitateak dio Azkoitiko Udalaren gain dagoela hondakinen bilketaren ardura osoa

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 21a, 16:36

Azken orduotan sare sozialen bidez zabaltzen ari den Aizpurutxoko bideo baten harira, Urola Erdiko Mankomunitateak honakoa adierazi nahi du:

 

2015eko uztailetik aurrera hondakinen gaikako bilketarekin "arazo larriak" izan dituztela Azkoitian azaldu du mankomunitateak. Azkoitiko Udalak erabaki bezala, arazoak sortu zirenetik 2017ko hasierara arte, hondakinak biltzeko bi sistema izan dira Azkoitian, eta azpikontratatutako Serbitzu enpresaren bidez jasotzen dituzte hondakin guztiak. Mankomunitateak dio udalaren erabakia hasieratik "errespetatu" izan duela, eta "behar izan dituen zerbitzuak emateko prest" izan dela eta dela orain ere.

2016ko ekainaren 21eko udal osoaren ohiko bilkuran, Azkoitiko Udalak hondakinen gaikako bilketaren inguruko jarraipena beregain hartu zuen. Beraz, Azkoitiko Udalaren esku dago gaur egun hondakinen bilketaren inguruan egin beharreko jarraipena eta hartu beharreko neurriak. Hala ere, mankomunitateak dio "arazoa konpontzeko Azkoitiko Udalari laguntzeko prest" dagoela.

Arazoei irtenbidea emateko, Azkoitiko Udalarekin eta gaikako bilketa egiten duen Serbitzu enpresarekin adostuta, neurriak hartu izan dira egoera zuzentzeko. Hala, gaur egun, Azkoitiko herriguneko arazoa konpondu bada ere, landa eremuko arazoak mantendu egiten direla dio mankomunitateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide