Alai Batza: «Ohorea da guretzat sua piztea»

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 19a, 11:05

Alai Batzak izango du aurtengo San Joan sua pizteko ohorea. 30 urte bete ditu aisialdia, elkarbizitza eta giza balioak uztartzen dituen herriko taldeak. Alai Batza 350 bazkidek eta 50 begiralek osatzen dute gaur egun. Haiekin izan da Maxixatzen, sua pizteko gonbidapena nola jaso duten jakiteko:

 

Nola hartu duzue San Joan sua pizteko proposamena?

Ilusio handia egin digu, ez baikenuen espero. Gainera, poz handia eman digu Udala gurekin gogoratzeak. Beti hor aritu dira guri laguntzen, baina horrelako esker ona egitea pozgarria da; izan ere, askok ez dakite elkartea mantentzeak zer lan eskatzen duen eta ematen duenaren aldean zenbateko lana dagoen atzean. Inor ez dago kontratatuta, dena borondatezko lanarekin egiten dugu, eta ilusio handia egin digu horrelako esker ona jasotzeak. 30. urteurrena ospatzen ari garen ikasturte honi bukaera emateko modu polita da. Oraindik kanpaldiak eta Uztaila Jolasean geratzen zaizkigu, dena dela.

Azken finean, ohorea da guretzat sua piztea. Jende asko da elkarte honen parte, eta esker on hau jende horrek guztiak egin duen lanaren ondorio bat da.

 

Zer erreko duzue aurtengo San Joan suan?

Urte osoan izan ditugun zailtasunak erreko ditugu, hau da, eguneroko lana aurrera eramateko izan ditugun oztopoak.

 

Norekin gogoratuko zarete sua pizterakoan?

Alai Batza osatzen dugun eta osatu duten pertsona guztiekin; batez ere, guregan sinesten duten haurrekin. Izan ere, gure proiektuko garrantzitsuenak haiek dira. Alai Batzaren helburuetako bat da haur eta gazteei protagonismoa ematea, eta, horregatik, sua pizteko orduan gurekin egongo ez direnez, haiekin gogoratuko gara.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide