Zaborra biltzeko sistema behin betiko aldatu du Udalak

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 15a, 14:24
Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida zinegotziak eta Amaia Argarate Ingurumen teknikaria.

Sistema behin betiko aldatu dutela jakinarazi du Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak, eta, horrenbestez, berriz bost edukiontzi izango dira Azkoitian. Edukiontzi berriak aste honetan jarri dituzte.

 
Organikoa biltzeko edukiontzia aldatu egin dute: lehengoak atzeko kargakoak ziren, eta zaborra biltzeko gaitasun txikia zuten; oraingoak, berriz, handiagoak dira, 2.200 litrokoak, eta zaborra albo batetik jasoko dute. Azpitik begiratuta, lau edukiontzi gris kolorekoak dira, eta bakoitzaren tapak izango dira bereizgarriak: marroia, organikoarena; horia, ontzi arinena; urdina, papera eta kartoiarena, eta grisa, errefusarena. Pixoihalak ere edukiontzi grisera bota beharko dira. Bestalde, esan dute beiraren edukiontzia berezia dela, sistema berezia duelako, eta gainerako edukiontzietan biltzen den zaborra albo batetik jasoko dutela aurrerantzean.
 
 

Kontzientziazio kanpaina

Edukiontzien sistema behin betiko aldatu dutenez, bide batez, kontzientziazio kanpaina ere abiatuko du Udalak. Etxe guztietara triptiko bat banatuko dute; bertan, zaborra zein edukiontzitara bota behar den azalduko da, eta zer ez den bota behar ere bai.
 
 
Kaxa erraldoiak 68 gunetan

Herriko zenbait gunetan egurrezko kaxa erraldoi batzuk jarri dituzte: hiru kaxa ontzi arinei dagozkienak izango dira, eta laugarrena beiraz, paperaz eta organikoaz osatutako produktuekin beteta egongo da.

Bi astez behin lekuz aldatzen joango dira kaxa horiek, abendura bitartean, herriko puntu guztietara iristeko. Guztira, 68 lekutan egongo dira. Bestalde, herritarrei kaxak errespetatzeko eskatu diete, azken batean "herritarrek zaborra ondo bereizten ikasteko" izango delako eta modu horretan "Azkoitian gehiago birziklatuko delako eta zaborrak sortzen dituen gastuak murriztuko direlako". "Jende gutxik pikutara bidaltzen du jende askoren lana", esan du Miguel Angel Bastida Lurralde Antolakuntzako, Ingurumeneko, Landa Garapeneko eta Obra eta Zerbitzuetako Saileko zinegotziak.
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide