Hezkidetza Foroak adin-txikiko neskek sare sozialetan jasotako mehatxu mezuak salatu ditu

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 14a, 12:59
Adin txikikoek sare sozialen bidez jaso zuten mehatxua.

Urolako Hezkidetza Foroa Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako herritarrengana zuzendu da udalera bidalitako gutun honekin. Azken egunotan Azpeitiko ta Azkoitiko zenbait adin-txikiko neskek sare sozialetan jaso dituzten mehatxu mezuak salatu dituzte.

 

"Sare sozialetan jaso dituzten mezuotan emakumeen askatasunaren aurkako mehatxu larriak jasotzen dira. Zorionez, neska hauetako batzuk mehatxuari aurre egin eta egoera salatzea erabaki dute, eta honen harira, aspaldi honetan beste hainbat neskek jaso dituzten beste hainbat irain eta mehatxu mezuren berri izaten ari gara.

Jakin badakigu berdintasuneruntz egiten ari garen bidean oztopoak eta erresistentziak pizten direla, eta horren baitan kokatzen ditugu mezuok. Mehatxu hauetan ageri den amorruaren zergatia zehatz azaltzen ez bada ere, susma dezakegu emakume izatea eta askea izatea nahikoa dela mehatxu mota hauek jasotzeko. Eta horren aurrean, argiro adierazi nahi dugu aske nahi ditugula gure herrietako gazteak, eta noski gure herrietako neskak.

Gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu mehatxatuak izan diren lagun guztiei. Jakizue gure babes osoa duzuela. Era berean, jakitun gara, mehatxuak idatzi dituzten lagunak ere gure herrietako gazteak direla. Hori dela eta, argi adierazi nahi diegu ez dugula inolako mehatxu mezurik onartzen, eta haien ideiak, usteak eta beldurrak aurrez aurre eta inor mehatxatu edo iraindu gabe adieraztera gonbidatzen ditugu.

Eraso eta mehatxu hauen aurrean, berdintasunaren eta harreman parekideen aldeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu. Era berean, gertaera hauek salatzea eta gertatutakoaren inguruan gogoeta egitea beharrezkoa dela uste dugu. Horrela bada, sexu-erasoen aurka adostua dugun protokoloari jarraituz,  gertaera larri hauen aurrean, ikastetxe eta gazte ekipamenduetan gazte zein helduok gertatutakoaren inguruan gogoeta egiteko tarteak antolatuko ditugu, bai eta gure gaitzezpena adierazteko protesta ekitaldiak ere".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide