Bolumen handiko hondakinak ez dira bilduko aurrerantzean edukiontzi guneetan

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 12a, 10:33
Hondakinak Garbigunera eramateko aukera egongo da.

Bolumen handiko hondakinen bilketan aldaketak izango dira uztailaren 1etik aurrera. Gisa horretako hondakinak ez dira gehiago kaleko edukiontzietatik bilduko. 

 

Aurrerantzean, bi aukera egongo dira: Emauseko biltzaileak herritarren etxera joango dira bolumen handikoak jasotzera edo Garbigunera eraman beharko dira. Emausekin bilketa hitzordua adosteko 656 789 574 telefonora deitu beharko da.

Kaletik jasotako hondakin gehienak, %98 inguru, errefusara botatzen dira, egoera txarrean daudelako. Arrazoi nagusia hori izan dela adierazi dute Mankomunitateko arduradunek. "Altzariak kalera ateratzeko desmuntatzean apurtu egiten dira sarri, eta kalean bestelako kalteak ere jasaten dituzte altzari eta etxetresna elektrikoek, euria, apurketak eta lapurretak medio", adierazi dute.

 

"Emauseko langileak etxez-etxe hondakin horiek jasota bermatzen da modu egokian desmuntatzea eta bestelako kalterik ez jasatea, ondoren berrerabili ahal izateko. Gainera, erosoa eta doakoa da herritarrei etxez-etxe hondakinak biltzea. Aldiko gela bat husten dute gehienez, eta, gehiago behar izanez gero, hurrengo txanda itxaron beharko da", gehitu dute Mankomunitatetik. Aldaketa mankomunitatea osatzen duten zazpi herrietan ezarriko da.

Etxeko bilketaz gain, herritarrek hondakinak Azpeitiko zein Azkoitiko Garbiguneetara eramaten jarraitu ahalko dute. Azkoitiko Garbigunearen ordutegiak:

Neguko ordutegia:

Astelehenetik ostiralera, goizez, 09:00etatik 13:00era, eta arratsaldez 15:30etatik 17:30etara da; larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Udako ordutegia:

Astelehenetik ostiralera, goizez, 9:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 17:00-19:00; larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide