Jokin Errastiren pilotakadarekin hasi da III. Pelotai Eune

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 10a, 12:23

Eguzkipean eta dultzaina doinuak lagunduta hasi dute herriko pilotazaleek III. Pelotai Eune. Hirugarrenez antolatu dute Pelotai Eune Azkoitiko hainbat gaztek, Oteiza elkartearen eta Udalaren babesarekin. Jokin Errasti pilotari ohiak jaurti duen pilotakadarekin hasi dute aurtengo Pelotai Eune. Egun osoko egitarau zabala prestatu dute; eguerdiko 12:00etan hasi, eta goizaldera arte iraungo du festak.

12:30ean, goi mailako pilota partida jokatu dute Kontzejupean Apezetxeak eta Saralegik, Alex Juaristi eta Jokin Errasti azkoitiarren aurka. Behin neurketa hori amaituta, 13:30ean, txapelketari jarraipena emango diote. 14:00etan, berriz, Juan Bautista Mendizabalek pilotaren inguruan hitzaldia emango du Torre Zurin. Goizeko egitaraua amaitzeko, 14:30ean, Pelotai Euneko bazkaria egingo dute Joseba Jatetxean.

Bazkalostean, 17:00etan, txapelketari helduko diote berriz, eta 19:00etan, beste goi mailako pilota partida bat jokatuko dute Kontzejupean. Peru Labaka eta Eneko Labaka, Xabier Andreu eta Aitor Goenaga azkoitiarren aurka lehiatuko dira Kontzejupean. 20:00etan, III. Pelotai Euneko txapelketan azkenera arte iristea lortu duten bi bikoteren arteko finala jokatuko da Kontzejupean, eta 20:30ean, azkenik, sari banaketa eginda amaituko dute eguna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide