«Urtea luze egiten da, baina esfortzuak merezi du»

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 9a, 10:56
Olatz Lazkano Donostia Ospitalean emagin moduan hasiko da lanean.

Olatz Lazkanok (Azkoitia, 1991) 14.000tik 29. postua lortu du erizaintzako espezialitateen prestakuntza plazetarako sarbidea lortzeko BAEE proban. Lortu duen emaitzarekin, Donostia Ospitalean emagin moduan hasiko da lanean.

 

Zer deritzozu zure lorpenari?

Ikaragarria izan da. Urte guztian egindako lanaren eta esfortzuaren emaitza izan da niretzat, eta oso gustura nago. Egia esan, ezin sinetsita egon naiz orain arte.

Zure ustez, zertan asmatu duzu hain nota ona ateratzeko?

Asko ikasteaz gain, oso motibatuta egon naiz urte guztian. Bai akademian bai etxean, asko animatu naute izan dudan beheraldi bakoitzean. Batzuetan zaila egin zait plan batzuei ezetz esatea, baina orain merezi izan duela konturatzen naiz.

Nolako oroipena duzu azterketa egunaz?

Azterketa urtarrilaren 28an izan zen, eta bost orduko iraupena izan ohi du. Sentsazio arraroarekin irten nintzen, nekatuta, akatsez betetako azterketa izan baita aurtengoa. Horrez gain, 235 galdera direnez, zaila da hasieran sentsazio ona izatea. Hala ere, etxera iritsi nintzenean, ahizparekin galdera batzuk errepasatzen ibili nintzen, eta gustura gelditu nintzen.

Zenbat ordu eman dituzu ikasten?

Aurreko urteko martxoan hasi nintzen akademian. Hamar hilabetez astero-astero Bilboko akademiara joaten nintzen zapatuan, eta, horrez gain, etxean egunean zazpi orduz aritzen nintzen ikasten astelehenetik ostiralera. Hori bai, asteburuan niretzako denbora hartzen nuen, afaltzera, zinemara edo zerbait hartzera irteteko.

Zenbat aldiz aurkeztu zara horrelako proba batera?

Erizaintzako ikasketak amaitu nituenetik urtero aurkeztu izan naiz proba honetara. Aurreko aldietan azken bi hilabeteetan ikasita aurkeztu nintzen, eta nahiko emaitza ona lortu nuen, baina ez zen nahikoa izan nik nahi nuen espezialitatea lortzeko. Ia 14.000 pertsona aurkezten dira proba honetara, eta soilik 994 postu daude espezialitate guztiak kontuan izanik. Azken bi hilabeteetan ikasita, oso zaila da nahi duzun postua ateratzea.

Aurreko urteetan ere aurkeztu zinen. Zergatik aurkeztu zara beste behin?

Aurreko aldietan ez nuen serio hartu proba, eta urte guztian jo eta su ikasten ari direnekin lehiatzeko serio hartu beharra nuela iritzi nion. Erizaintza bukatu nuenetik garbi neukan espezialitatea egin nahi nuela, baina, ikasketak amaitu eta lanean oso gustura hasi nintzenez, ez nuen serio hartzen. Orain dela urte eta erdi, Azpeitiko osasun zentroan jardunaldi murriztuko kontratu bat eskaini zidaten, eta, denbora sobera nuenez, ikasten hasteko aukera ikusi nuen.

Uste al zenuen horren aurrean geldituko zinela?

Nik neuk ez nuen uste hain aurrean geldituko nintzenik. Postua ateratzeko esperantza banuen, baina zeuden 370 emagin plazetatik bat niretzat izatearekin konformatzen nintzen. Zorionez, emaitza ona izan da, eta Donostia Ospitalean emagin espezialitatea hautatu dut.

Madrilera joan zinen plaza aukeratzera. Nola joan zen aukeraketa prozesu hori?

Urduritasun handiarekin baina ilusioz beteta egin nuen joan-etorria. Aurreko postuetan egoteak eta nahi nuen plaza niretzat izango zela ziur edukitzeak momentua bizitzen eta gozatzen utzi zidan.

Postu hori nahi izan al duzu betidanik?

Bai, hasieratik garbi neukan zein espezialitate nahi nuen. Erizaintza ikasketak amaitu nituenetik garbi neukan espezialitatea egin nahi nuela. Erizain lanean, askotan alde batetik bestera ibili ohi gara zerikusirik ez duten lanak egiten, eta horrek estres eta segurtasun falta handia sortzen zidan batzuetan. Iruditzen zait espezializatua izateak eta alor batean jakintasuna edukitzeak lanerako segurtasuna emango didala orain. Gainera, emagina izanda, aro desberdinetan bizi diren emakumeekin lan egingo dut, eta hori oso polita iruditzen zait.

Aurten emagin espezialitatean prestatzeko plazak iragarri dituzte; emagin espezialitatea ez balitz aukeren artean egongo, zein aukeratuko zenuke?

Uste dut ez nukeela besterik aukeratuko, ez baitago betetzen nauen beste espezialitaterik. Erizain orokor moduan ere oso gustura nabil lanean, eta emagin plaza atera izan ez banu, orain arte bezala jarraituko nukeen, nik uste.

Zergatik nahi zenuen Donostian lan egin?

Etxe inguruan egoteari garrantzi handia ematen diot. Etxekoen, lagunen eta mutil-lagunaren inguruan egotea nire lehentasunetako bat zen.

Beste erizain bat gehiago izango zara, ala besteengandik ikasteko izaten dira hasierako urte horiek?

Bi urtean lan kontratua daukagu, baina ikasteko kontratua da. Beste emagin batekin arituko gara ikasten, osasun zentroan, erditze geletan... Gainera, Basurtun klase teorikoak ere izango ditugu hilero, astebetez.

Nolako gomendioak emango zenizkioke aurten ikasten hasiko den horri?

Gogoz eta motibatuta hasteko esango nioke. Plaza oso gutxi daude, eta, postua ateratzea erraza ez den arren, gogoz hartu eta gogor ikasi behar da. Urtea luze egiten da, baina esfortzuak merezi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide