III. Pelotai Eune ospatuko dute, bihar

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 9a, 09:56

Bihar III. Pelotai Eune ospatuko da Azkoitian. Hirugarrenez antolatu dute Pelotai Eune Azkoitiko hainbat gaztek, Oteiza elkartearen eta Udalaren babesarekin. Egun osoko egitarau zabala prestatu dute; eguerdiko 12:00etan hasi, eta goizaldera arte iraungo du festak. 

 

11:00etan, Azkoitiko pilotari guztiak bilduko dira Balda plazan. Jarraian, kalejiran Kontzejupera joango dira, eta bertan omenaldia egingo zaie. 12:00etan, egunari hasiera emango dion pilotakada jaurtiko du Jokin Errasti piloitari ohiak, eta ondoren txapelketari jarraipena emango diote. Goizean, 11:00etatik 14:00etara umeentzako jolasak egongo dira herriko plazan.

12:30ean, goi mailako pilota partida jokatuko dute Kontzejupean Apezetxeak eta Saralegik, Alex Juaristi eta Jokin Errasti azkoitiarren aurka. Behin neurketa hori amaituta, 13:30ean, txapelketari jarraipena emango diote. 14:00etan, berriz, Juan Bautista Mendizabalek pilotaren inguruan hitzaldia emango du Torre Zurin. Goizeko egitaraua amaitzeko, 14:30ean, Pelotai Euneko bazkaria egingo dute Joseba Jatetxean.

Bazkalostean, 17:00etan, txapelketari helduko diote berriz, eta 19:00etan, beste goi mailako pilota partida bat jokatuko dute Kontzejupean. Peru Labaka eta Eneko Labaka, Xabier Andreu eta Aitor Goenaga azkoitiarren aurka lehiatuko dira Kontzejupean. 20:00etan, III. Pelotai Euneko txapelketan azkenera arte iristea lortu duten bi bikoteren arteko finala jokatuko da Kontzejupean, eta 20:30ean, azkenik, sari banaketa eginda amaituko dute eguna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide