Ibone Martinez: 'Hasierako ezjakintasuna nahi duzuna aukeratzeko askatasun sentimendu bilakatzen da'

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 7a, 09:25

Ibone Martinez 28 urteko azkoitiarra, Arkitektura ikasten ari zela, Londresera joan zen graduko praktikak egitera, eta dagoeneko bost urte daramatza han. Oraingoz Londresen ikusten du bere etorkizuna, eta ez dauka itzultzeko asmorik, baina ez daki non amaituko duen.

 

Noiztik bizi zara Londresen?

Orain dela bost urte etorri nintzen Londresera. Lehenengo urtea igaro eta gero, oso azkar pasatzen da denbora hemen! Londres hirian bertan bizi naiz, ipar-ekialdeko Islington-Hackney zonan. Auzo lasaia da, baina gazte ugari bizi da. Beraz, beti dago zerbait berria egiteko. Zentrotik 30 bat minutura dago; asko ematen du, baina distantzia luzeetara ohitzen zara hiri handi honetan.

Zein izan zen hara bizitzera joateko arrazoia? Erraz hartutako erabakia izan al zen?

Ba, ustekabeko erabakia izen zen. Donostian nengoen karrera amaierako proiektua hasi berri nuela, eta unibertsitateak antolatutako hitzaldi batera joan nintzen klasekide batzuekin. Karrera amaitu eta gero zer egin erabakitzen laguntzen dizuten hitzaldi horietako bat zen, eta Europan praktikak egiteko beka programa bat interesatu zitzaidan. Argi nuen karrera amaitu eta gero kanpora joan nahi nuela, eta, beraz, izena eman nuen programan.

Urrian sartu nintzen programako zerrendetan, eta azaroan deitu zidaten esanez Londreseko arkitektura estudio bat nire curriculumean interesatuta zegoela, eta ea nahi al nuen urtarrilean Londresera joan sei hilabeteko praktikak egitera. Ezin nuen nire zortea sinetsi! Hilabete batzuk lehenago Londresera joan nintzen oporretan, eta pila bat gustatu zitzaidan hiria. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, astebetean bekako paper guztiak prestatu, Donostian eta Azkoitian nituen plan guztiak hankaz gora jarri, eta Londresera iritsi nintzen urtarril oso hotz batean.

Hasiera gogorra izan al zen?

Espero nuena baino askoz errazagoa egin zitzaidan hasiera. Lagun batekin oporretara etorri nintzenean, ostatu batean egon ginen, eta bertan lanean zebilen euskaldun bat ezagutu genuen. Lagun egin ginen, eta hilabete batzuk geroago, Londresera bizitzera nindoala esan nionean, esan zidan bera bizi zen etxe partekatuan logela bat libre zutela eta etxekide bila zebiltzala. Haiekin joan nintzen bizitzera; lau ginen etxean, eta, horrela, jende gehiago ezagutzen hasi nintzen pixkanaka.

Lehenengo urtean hiru aldiz aldatu nintzen etxez. Horixe daukate hiri handiek: jendea asko mugitzen da hiritik kanpo edo hiriko beste zona batera, lana non egiten duen. Kosta egiten da hirian zeure txokotxoa aurkitzea, baina esperientzia izugarria izan da hainbeste etxekide edukitzea, munduko hainbat tokitakoak. Denbora gutxian, luzerako lagun oso onak egiten dira.

Zergatik luzatu duzu Londreseko egonaldia sei hilabetetik bost urtera?

Sei hilabeteko praktikak egitera etorri nintzen, eta hasiera oso intentsoa izan zen. Badakizunean zure egonaldiak amaiera bat duela, ahal den gauza berri gehienak egiten saiatzen zara, jende berri asko ezagutzen, ahal den toki guztietara bidaiatzen… Sei hilabete azkarregi pasatu ziren! Azkoitira itzultzeko planak egiten ari nintzela, bat-batean, praktiketan nenbilen estudioan bertan lanean geratzeko kontratua eskaini zidaten. Berriro, astebeteko epean, karrera urrunetik amaitzeko paperak egin, eta, bi aldiz pentsatu gabe, Londresen geratzea erabaki nuen, itzultzeko egunik gabe. Etorkizunaren gaineko ezjakintasun horrek erakarri ninduen gehiena hirian. Azkoitian nengoenean, inguruko lagunak ikusten nituen jada bizitzarako planak egiten, eta nik neuk ere neure bizitza nolakoa izango zen ideia bat nuen. Ideia hori apurtu, eta Londresen galduta sentitzen zara hasieran. Jende berri asko ezagutzen duzu, ordea, toki, bizimodu eta pentsaera oso desberdinekoak. Londresek desberdintasun horiek guztiak elkartzen ditu, eta hasierako ezjakintasun hori nahi duzuna aukeratzeko askatasun sentimendu bilakatzen da. Behin horretara ohitzen zarenean, zaila da aurretik zenituen planetara itzultzea.

Azkoitiak izango ditu Londresek ez dituen alde onak ere, ezta?

Bai, noski, Azkoitia beti nire etxea izango da. Hemen oso gustura nago, baina, gutxien espero duzunean, tabernan kantu bat entzuten duzu, eta kuadrillakoekin dantzan aritzea nahi duzu. Edo, igande lasai batean, etxeko familia bazkari luzeak ere asko botatzen dira faltan. Eta, nola ez, Euskal Herrian bezala ez da inon jaten!

Londresen lan aukera gehiago edo hobeak aurkitu al dituzu Euskal Herrian baino?

Baietz esango nuke. Izan ere, badakit hona arkitekto moduan lan bila etorri direnek erraz aurkitu dutela lana. Baina ezin dut esan Euskal Herriko lan aukerak nolakoak diren. Karrera bukatu aurretik etorri nintzen, eta, beraz, ez daukat hango lan munduko esperientziarik. Londresen lan aukera zabalagoa dagoela esango nuke, proiektu mota askotan lan egiteko aukera dagoelako batik bat. Hori izan da hemen geratzeko beste arrazoietako bat. Estudio handi batean nabil lanean orain, eta industrializazioarekin munduan eraiki zen lehen garagardo fabrika eraberritzeaz arduratzen naiz oraintxe bertan; jantoki eta museo bat izango da gerora. Hiriak ematen duen aukera profesionalari ezetz esatea oso zaila da.

Ingelesak eta euskaldunak oso desberdinak garela uste duzu?

Ez dakit, ba [barrez]. Desberdintasun garbi bat esan behar badut, esango nuke euskaldunak zuzenagoak garela, zer pentsatzen dugun esateko orduan behintzat. Ingeles kultura oso sarkastikoa da. Ez dute inoiz garbi esango benetan zer pentsatzen duten; beren jatortasunean sarkasmo ugari ezkutatzen dute. Behin haien umore hori ulertzea lortzen duzunean, gure oso antzekoak direla konturatzen zara. Eguneroko detaile txikietan antzematen dut desberdintasun gehiago. Mutil-laguna ingelesa dut, eta etxeko ohitura desberdinak nahastu ditugu elkarbizitzan. Goiz afaltzen dugu, hemengo ordutegiari jarraituz, baina behintzat etxeko jatekoa nire estilokoa da gehiago [barrez].

Nongoak dira hor ezagututako lagunak?

Ba, toki guztietakoak, egia esan; bost urtean lagun asko egiten dira Londresen. Lagun ingeles ugari ditut orain, baina toki guztietako lagunak egiten dira hemen. Jendea oso irekia da, eta beti dago prest lagun berriak egiteko. Horren alde txarra da lagun horiek lehenago edo beranduago joan egiten direla Londresetik. Mugimendu handiko hiria da, eta, hemen denbora bat daramazunean, zure bidaiak Londresetik joan diren lagunak bisitatzeko izaten dira. Lagun euskaldun ugari ere baditut hemen. Justu atzo Korrika ospatu genuen London Fields parkean: 50 bat euskaldun juntatu ginen, eta han ibili ginen parkean bueltaka “tipi tapa, tipi tapa, korrika” kantatuz. Trikitilariak eta pintxoak ere izan genituen!

Non uste duzu biziko zarela etorkizunean?

Uste dut hemen biziko naizela, Londresen; oraingoz, ez dut itzultzeko asmorik. Nire bizia hemen dago orain, bai lana, bai mutil-laguna, bai hemengo lagun on denak ere; familia handi bat osatzen dugu guztion artean. Hala ere, bost urtean hainbeste aldaketa izan eta gero, plan gehiegi egitea saihesten dut, edozein momentutan beste norabait joateko erabakia har dezakegulako, eta beste esperientzia berri bat hasi auskalo non!

Gomendatuko zenuke zure esperientzia?

Guztiz! Eguneroko bizimoduko erosotasunetik kanpo dagoen edozein esperientzia gomendatuko nuke, ohitura eta gauza berriak ikasi, pentsaera desberdina duen jendea ulertu, bestelako bizimodu bat duten tokiak ezagutu… Uste dut esperientzia horiek guztiek gu geu nor garen eta zer egin nahi dugun erabakitzen laguntzen digutela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide