Urola Lanbide Eskola aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 6a, 14:38
Prentsaurrekoan izan diren ordezkariek lanbide heziketako gelak ere bisitatu dituzte.

Urola Lanbide Eskola aurkeztu dute gaur eguerdian. Alberto Izagirre Urola Ikastolako zuzendaria, Eduardo Sudupe Urola Lanbide Eskolako zuzendaria eta Javier Zubizarreta, Eneko Etxeberria eta Josetxo Mendizabal, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako alkateak izan dira agerraldian.

 

Alberto Sudupek orain arteko ibilbidea azalduz ekin dio prentsaurrekoari, eta ondoren hitz egin dute gainerako protagonistek. Eduardo Sudupe Urola Lanbide Eskolako zuzendaria izango denak, gizarteari zerbitzua ematearen beharra azpimarratu du. "Gure erronka Lanbide Heziketako Eskola berri honetan, gizarteari erantzuna ematea da", adierazi du zuzendariak. Enpresak, enpresetako langileak, lana egin nahi dutenak, baina ez dutenak, eta laneratze aukerarik ez dituzten ikasleak hartu nahi dituzte kontuan.

Urola Lanbide Eskola "bailarako eskola" dela azaldu du Sudupek, nahiz eta egoitza "oraingoz" Azkoitian dagoen. "Lanbide Heziketak ez da bigarren aukera, hirugarren, laugarren edo bosgarren aukera da", adierazi du kezkatuta Sudupek. "Gure betebeharra, lanbide heziketa aukera ona dela, benetakoa dela transmititzea da. Enpresek hori eskatzen dute kasu askotan", azaldu du Sudupek. Oso epe motzera eraikina eta gelak egokitzeko beharra ikusten dute, hori da duten lehentsasun handiena. Eraikina eta instalazioak martxan jarrita, gizarteari entzutea izango da hurrengo urratsa.

 

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak aurrera egiteko alde denek denen berri izatearen garrantzia azpimarratu du. "Enpresetan nolako formakuntza eskatzen duten jakin behar dugu, formakuntza hori emateko gai garen edo ez, kontaktuan egon behar dugu", adierazi du alkateak. "Gure lana da enpresetan zer behar dituzten ikusi eta hori eskolei trasladatzea", gaineratu du. "Lanik ez edukitzeak baino pena handiagoa ematen du, lana eduki eta perfil hori beteko duen inor herrian ez edukitzea", azpimarratu du Zubizarretak. "Saia gaitezen denon artean gai honi erantzuna ematen", esan du herriko alkateak, amaitzeko.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, aldiz, azken urteetako kudeaketaren inguruan aritu da. "Jendea teoriaz beteta, akademikoki formatuta dago, baina aldi berean horiek ere ezin lanik aurkitu. Udalak arazo hori propiotzat hartzen du", azaldu du Etxeberriak. "Formazioa eta praktika elkartzeko, eta enpresekin lana lortzeko, guretzat tresna ezinbestekoa izan da lanbide heziketa. Gaur egunean nabarikoa da hori", gaineratu du Azpeitiko alkateak. "Udalek osagarri izan behar dute, gure herritarren, eta bereziki, gazteen ongizatea dago jokoan", esan du azkenekoz.

Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, azkenik, Eduardo Suduperekin hasieratik izan duen "sintonia ona" azpimarratu du. Lan aukerak bai, baina langile perfilaren hutsunea aurkitu zuten Zestoan ere. "Enpresen nahia inguruko jendea edukitzea da, egonkortasuna aurkitzeko", esan du Mendizabalek. "Lehen momentutik iruditu zitzaidan ikaragarria bere planteamendua", aipatu du, azkenik Zestoako alkateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide