Urola erdialdeko langabeak bertako lan eskaerari erantzuteko prestatzea helburu

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 6a, 17:35
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Elena Laka, Aitziber Elola eta BegoƱa Beobide.

Elena Laka abokatuak gidatuta, Urola erdialdeko gaur egungo egoera ekonomikoaz eta etorkizunaz jardun dute solasean Aitziber Elola Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ordezkariak eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzen garapen agentziako zuzendariak. Mahaingurua gaur, ekainak 6, goizean izan da Elkarguneko aretoan.

 

Gertuko ekonomia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute gaurko hitzaldian. Saioarekin hasteko, Urola erdialdeko langabezia tasaren argazkia egin dute solaskideek. "%11 inguruko langabezia tasa dago Urola erdialdean, guk nahi baino altuagoa, eta hori hobetzeko erronka handi bat dugu", azaldu dute. Hala ere, nagusiki arduratzen dituena langabezia tasa horren adina eta profila dira. "Hor okerrera goaz", diote: "Guztira 1.600 pertsona inguru daude lan mundutik kanpo eskualdean, eta horietako asko 45 urtetik gorakoak eta Derrigorrezko Hezkuntza dutenak dira". Hori dela eta, euren etorkizuneko erronka garrantzitsuena da langabezia tasa hori eskualdean dagoen lan eskaerara bideratzen asmatzea: "Urola erdialdeko langabeak eskualdeko lan eskaerari erantzuteko prestatzea da erronka", azaldu du Begoña Beobidek. Horrez gain, enpresen arteko elkarlana edo saretze prozesua ere azpimarratu ditu Beobidek: "Lan egiteko modu horrek luzera begira emaitza onak ematen ditu. Horregatik, eskualdean ekintzaile gehiago behar ditugu, saretze prozesuan lan egiteko prest daudenak", esan du.

Bertaratu diren hizlarien testigantzez gain, bideo bidez, eskualdeko bi ekintzaileren proiektuak ezagutzeko aukera ere izan da. Alde batetik, Jon Zubizarreta Munibe Groupeko zuzendariak enpresa mekanizatu baten alorreko esperientzia kontatu du, eta bestetik, Ioritz Igarataundi eta Aiora Etxeberria azpeitiarrek Sakona etxalde ekologikoaren lau urteetako ibilbidea azaldu dute. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide