Euskal sinesmen zaharren jardunaldiak ekainean

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 1a, 09:52

Euskal sinismen zaharrak –mitologia– aztertu, landu eta azaleratzeko helburuarekin, jardunaldiak antolatu dituzte Sustraiak bizirik kultur elkarteko kideek.

 

Ekaineko lau ostiraletan izango dira jardunaldiak, eta guztietan aintzinako sinismenak landuko dituzte. Hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, Elkargunean.

Hitzaldien egitaraua hauxe izango da:

Ekainak 2an, Joxe Ramon Zubimendi, Gipuzkoa, Mari-lur.

Ekainak 9an, Juan Antonio Urbeltz: Gipuzkoa, mairu-lur: tierra de moros.

Ekainak 16an, Aitor Puy: Euskal pentsamendu indigena.

Ekainak 23an, Gurutz Garmendia: Euskal sinismen zaharrak eta gizarte eraketa.

 

1. Joxe Ramon Zubimendi: Gipuzkoa, Mari-lur

Mari, antzinako euskaldunen Jainkosa eta Izadiaren ama, beltza da, Mari Beltza; eta euskaldunak, "burubeltzak". Euskaldunon jatorri mitikoa hauxe da: gizon-emakumeok Basajaun-Basandereen semealabak gara, eta gure aitona-amonak hartzak dira (ez tximinoak), eta guztion arbasoak zuhaitz-arbolak dira (bereziki, aita haritza eta ama gaztainondoa).

Goierrik menperatu zuen Gipuzkoako jatorrizko armarriko errege beltza, orduko Basajaunek preso zeukatena, eta horrela sortu zen Beterri. Eta batu ziren Goierri, Beterri eta Kosta, eta Gipuzkoa sortu.

 

2. Juan Antonio Urbeltz: Gipuzkoa, mairu-lur: tierra de “moros”

Mairu hitzak, gurean eta beste kultura batzuetan, ezbairik gabeko jatorri historikoa badu ere, bere esanahiaren muinean Mendebaldeko kulturaren metafora harrigarrienetako bat ezkutatzen du. Konturatu ala ez, mairua gure Euskal Herriko adierazpen epiko eta historiko handienetan dago. Ihiz estalitako uhar eta estuario arriskutsuz osaturiko ekosistema izan zen Gipuzkoa, eta paraje horiek menderatuta zeuzkan errege mairua garaitu ondoren sortua. Bizi izandako drama horren adierazpen gisa, errege mairua nahiz paisaia hura Gipuzkoako armarrian errotuta geratu ziren.

Bi idazle desberdin, bi hizkuntza desberdin, bi liburu desberdin; baina biak batera, biak elkarrekin aterako dira, bi liburuak proiektu bat berean sortuak baitira, biak elkarren osagarri.

Bi liburukik osatzen dute Gipuzkoa Marilur, Gipuzkoa mairu-lur (Gipuzkoa: tierra de Mari, tierra de “moros”) izeneko lana.

Gipuzkoa Mari-lur, tierra de Mari liburukia Joxe Ramon Zubimendik idatzi du, euskaraz.

Gipuzkoa mairu-lur, tierra de “moros” liburukia Juan Antonio Urbeltzek idatzi du, gazteleraz.

Bi liburuki oso desberdinak izan arren, lotura estua dute elkarrekin. Izan ere, Gipuzkoaren sorrera eta bilakaera azaltzen dute, ahalegina, bakoitzak bere aldetik, bakoitzak bere hizkuntzan, gure mitologian, sinbologian, hizkuntzan, historian eta kulturan oinarrituta.

 

3. Aitor Puy: Euskal pentsamendu indigena.

Lehenik eta behin, kultura zer den azaltzen dut, Alfred Kroeber antropologoaren hausnarketak abiapuntutzat hartuta.

Ondoren bi kultura jartzen ditut aurrez aurre: indigenena, batetik; eta “zibilizatuena”, bestetik.  

Ahalegintzen naiz azaltzen gaur egungo pentsamendu “zibilizatua” zertan datzan, eta zer-nolako eragina duten arrazionalismoak eta kristautasunak. Halaber, ahalegintzen naiz azaltzen indigenen mundu ikuskeran mitoek eta erritoek zer-nolako garrantzia duten. Euskal indigenen pentsamendua azaltzeko unean, J.M. Barandiaranek bildutako zenbait kontakizunen aipamena egiten dut. Dena dela, euskal indigenismoak izan du antzekotasunik beste lurralde batzuetakoekin (adibideak jartzen ditut). 

Tradizio ezberdinen eraginez, oso bestelakoa da indigenek naturaz egiten duten interpretazioa eta mundu “zibilizatuak” egiten duena. Desberdintasun horiek mahai gainean jartzen ditut nire hitzaldian (zientzia eta mitoak aurrez aurre). 

Bukatzeko, nire hausnarketa pertsonala egiten dut jakinduriari buruz, orokorrean. 

 

4. Gurutz Garmendia: Euskal sinismen zaharrak eta gizarte eraketa

                 1.- Arbasoen sinismenak.

                 2.- Mariren berri.

                 3.- Sinismenetatik gizarte eraketara.

                            -Mariren esanak.

                            -Auzolana, Batzarrak, Herri lurrak eta Tokiko burujabetasuna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide