Katekistak: 'Guretzat, garrantzitsuena umeen esnaera da'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 26a, 16:23
Azkoitiko katekistak.

Hiru egunetan banatuta, maiatzaren 21ean, 27an eta 28an, guztira 98 umek egingo dute aurten jaunartzea Azkoitian. Urte osoan, katekesian 250 haur eta dozena bat bidelagun biltzen dira elkarrekin kristautasuna lantzeko.

 

Zenbat haurrek egingo dute aurten jaunartzea?

Guri ez zaizkigu zenbakiak axola; hau ez da ea zenbat ume ditugun, ez da lehiaketa bat. Guk gehienbat umeek eta haien gurasoek fede esperientzia bizitzea nahi dugu. Azkoitian, zorionez, ume asko etortzen da. Hala ere, guk nahiago dugu gutxiago izatea. Alegia, nahiago dugu benetan sinesmenagatik datozenak bakarrik etortzea, jaunartzeagatik datozenak etortzea baino. Jaunartzea oso garrantzitsua da kristauontzat, kristau elkartean sartzeko pausoa ematen baitugu geure erabakiz. Jaunartzea edozein adinetan egin daiteke. Guretzat, garrantzitsuena umeen esnaera da. Oso kuriosoa da; izan ere, umeen esnaerarekin batera, gurasook lozorroan genuen sinesmena astintzen dugu, eta geuregan zerbait pizten da berriro. Saioak oso garrantzitsuak dira gurasoentzat. Pena da guraso batzuk ia inoiz ez etortzea, azken finean saio horietan gurasoak asko aberasten baitira. Gainera, euren umeen bidelagun paregabeak bihurtzen dira, eta euren fede esperientzia sakontzen dute.

Nola ikusten duzue kristautasuna herriko gazteen artean?

Herrian ez da ari kristautasuna desagertzen; aldatzen ari da, beste behar batzuk daudelako. Orain bertan, gehiago ari gara jabetzen bizitza espiritualaren edo barne bizitzaren beharraz, eta behar horietara egokitzeko prozedurak aldatzen ari gara.

Zenbat talde dituzue katekesian?

Talde bat baino gehiago ditugu. Hasteko, esnaera bat sustatzeko asmoz, haur katekesia dugu –LHko 1., 2. eta 3. mailako haurrak–, eta ondoren gaztetxoen katekesia eta sendotza taldea. Talde horiek guztiek gauza bat dute helburu: haur, gazte eta helduen fedearen esnaera eta sendotzea, beti baitago zerbait ikasteko.

Haur katekesian hiru maila ditugu; guztira, 250 haurretik gora. Gaur egun, Elizak bizi duen eraso une honetan, Azkoitian dauden zenbakiak oso onak dira, baina zenbakiek ez digute balio. Guri axola zaiguna da haur horiek Jesusen berri izatea, hark esandakoak entzutea, guk orain landatzen dugun haziak fruitua eman dezan ondoren, beraien heldu bizitzan. Hilean behin biltzen dira lehenengo bi mailak, eta 3. maila, berriz, hilean bitan. Oso gutxi iruditzen zaigu, baina gaur egun ez da erraza elkartzea, umeek mila ekintza dituzte eta.

Honela banatuak ditugu zereginak: lehenengo mailan, “Esnatu” izenburupean, haurren fede esperientziarako esnaera lantzen dugu; bigarren mailan, “Etorri eta ikusi” lelopean, Jesusi buruz aritzen gara; eta azkenik, hirugarren mailan, “Jarraitu nirekin” lelopean, Eliza eta sakramentuak lantzen ditugu.

Azpimarratzekoa da umeak oso gustura etortzen direla. Gainera, oso aberasgarria da haientzat; izan ere, lagun berriak egiten dituzte, bi ikastetxeak nahasian daudelako.

Noiz izango dira aurtengo jaunartzeak?

Aurten hiru jaunartze egun egongo dira: maiatzaren 21a, 27a eta 28a. Guztira, 98 umek egingo dute. Aurten, gainera, aurrenekoz larunbatean egingo dira jaunartzeak: maiatzaren 27an, 19:00etako mezan, bost umek jaunartzea egingo dute.

Azkoitian abituarekin egiten da jaunartzea. Zer deritzozue horri?

Egun horretan umeek ematen duten pausoa da garrantzitsuena, barrutik daramaten sentipena, kristau elkarteko mahaiko kide izango direla. Bizitzako beste prozesuetan gertatzen de moduan, sinboloz betetako unea, sinbolorik garrantzitsuena, Jesusen mahaiko kide egiten direla da; jantzi zuria beste sinbolo da. Azkoitian modu horretan egiten da, eta egoki ikusten dugu, guztiak antzera joaten baitira.

Nolakoa izaten da jaunartzeko prestaketa?

Haurrak jaunartze aurreko larunbatean etortzen dira. Hiru orduko elkarbizitza izaten dute; ospakizuna nola joango den azaltzen diegu, eta jaunartzearen benetako zentzua transmititzen saiatzen gara.

Zergatik hasi zineten talde horretan haurrekin lanean?

Katekista bakoitzak bere istorioa du atzean, eta arrazoi desberdinengatik gaude bertan. 3. mailan hamasei gara, eta hamasei istorio desberdin ditugu.

Boluntario gehiago behar al dituzue?

Boluntarioak beti behar dira. Atzetik lan handia dago parrokiaren barruan; ikusten ez den lan handia, besteei laguntzeko lan handia dago. Animatu nahi dugu jendea parte hartzera.

Trebakuntzarik jaso al duzue bidelagunok?

Gu ez gara teologoak, ezta eliz jakintsuak ere. Guk, gure esperientziatik eta bihotzetik, eguneroko bizitzan nola jokatu behar duten azaltzen diegu. Erretoreak materiala eta azalpenak ematen dizkigu, ondoren guk haurrei modu egoki batean gaia azaltzeko. Hau ez da comecocos bat, batzuek uste duten moduan; ez da lehen ematen zen doktrina. Fede esperientzia transmititzen eta sentitu eta bizi izan duguna helarazten saiatzen gara.

Jaunartzea egiten dutenek sendotza egiten al dute gaur egun?

Aurten sendotzako taldea dugu, eta 4 pertsonak osatzen dute.

Gaur egungo familietan fedea gutxitzen ari dela uste al duzue?

Fedea badago, eta sinestearen beharra ere gero eta gehiago nabari dugu kantzelera etortzen diren gurasoen artean. Gure saioetan, batzuetan, tertuliak izaten ditugu, eta gurasoek seme-alabentzat balio batzuk nahi dituztela esaten digute: umeak pertsona onak izatea nahi dute, eta, horretarako, beren umeen kristau heziketako bidelagun izan nahi dute.

Baina Elizak gizartean daukan irudi txarrak kalte egiten digu, batzuk oraindik ez direlako ausartzen horri aurre egitera eta beren sinesmena lasai aldarrikatzera. Orain modan dago gauzei beste era batera deitzea, baina, azken finean, gauza bera egitea da: une bat hartzea norberaren gogoetarako, hau da, geure barrura sartzeko eta aztertzeko benetan zertan ari garen eta zer nahi dugun. Gurasoek hori asko eskertzen dute; haientzat, kantzeleko saioa gauzei beste era batera begiratzeko unea da.

Etxean otoitz egitera animatzen al dituzue gaztetxoak?

Fedea norberarena da, eta gu esnaera horren zati bat gara. Haien bidelagunik onenak etxekoak dira; gurasoek beren eguneroko bizitzan lagunduko diete. Fede esperientzia hori da, esperientzia bat. Beraiek bizi behar dute hori, eta euren bizipenek sendotu eta handituko diete fedea.

Saio guztietan animatzen ditugu gurasoak haurrekin otoitz egitera, eta, noski, gomendioak ere ematen dizkiegu. Aurten, saioak otoitz eta isilune batekin hasi ditugu.

Haurrei otoitzerako jarrera egokia izateko urratsei jarraitzen saiatzen gara. Saio bakoitzaren hasieran isilunea egiten dugu kandelarekin, sinbolo moduan, norbera baretzeko, arnasa lasai hartuz eta non gauden kokatu ahal izateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide