Adinekoentzat Azkoitia zenbateraino den lagunkoia aztertzeko inkesta banatuko dute etxeetan

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 25a, 13:38
Argazkian, udal ordezkariak eta talde eragilea.

Azkoitia Lagunkoiak herritarren iritzia jakin nahi du. Azkoitia adineko pertsonentzat zenbateraino den lagunkoia edo zenbateraino dagoen egokituta aztertu nahi du, abiapuntu modura herriko diagnostikoa egin ahal izateko. Helburu horrekin, 5.500 galde-sorta banatuko dira, etxe bakoitzean bat. Gaur eta bihar artean egingo da etxeetan inkesten banaketa.

 

Azkoitia Lagunkoiak herritarrak parte hartzera animatzen ditu inkesta erantzun eta behin erantzundakoan, bueltatzeko ezarri diren tokietan entregatuz ekainaren 16rako. Inkesta beteta bueltatzeko identifikagarriak diren buzoiak ipini dira ondorengo tokietan:

  • Udaletxeko sarreran
  • Elkargunean
  • Jubilatu elkartean
  • San Jose egoitzan
  • Floreagako tabernan

Buzoiak dauden tokietan, eskuragarri egongo dira inkestak ere, norbaitek ale gehiago beharko balitu etxean jasotzen duenaz gain.

Inkesta erraz betetzeko modukoa da eta edonork egin dezake, betiere, adineko pertsonekin pentsatuz, bereziki  haiei zuzendutako ekimena delako Azkoitia Lagunkoia. Galderetan hainbat gairen inguruko balorazioa eskatzen da. Besteak beste,  irisgarritasuna, komunikazioa, garraioa, partaidetza, gizarte integrazioa, etxebizitza edota  aisialdia jorratzen dira eta horiei buruz galdetzen da dokumentuan. Pertsonen bizi-kaliatean eragin zuzena duen alderdiez, alegia. Erabat anonimoa da.

Inkestaren emaitzak aztertu ondoren, Azkoitia Lagunkoiaren talde eragileak balorazio bat egingo du eta lehentasunak finkatu. Lan hau udazkenean egingo da.

Azkoitian talde eragilea urte hasieratik ari da lanean. “Oinarrizko lan bat egina zegoen Azkoitira edo beste edozein herritara egokitzeko. Inkesta bagenuen eta merezi zuela herrira egokitzea ikusi genuen. Jendeari esango nioke normalki kalean edo tabernetan hitz egiten diren gauza horiek baloratzea gurutze bat eginez Udalari jakinarazteko. Espaloiak nola dauden, parkeak… beste galdera potolo bat badago: herria garestia den edo ez.  Interesgarria da eta horregatik gaude hemen”, dio talde eragileko partaidea den Txema Urrutiak.

Azkoitia Lagunkoia taldea boluntarioek osatzen dute eta hilean behin elkartzen da. Irekia da eta edonork har dezake parte. Egiten ari den lana babesteko eta indartzeko, aurreko astean Udalak hitzarmena sinatu zuen Eurko Jaurlaritzarekin ofizialki Azkoitia Euskadi Lagunkoia sarera atxikiz, beste 40 udalerrirekin batera.

Zozketa egingo da parte hartzen dutenen artean

ZOZKETA EGINGO DA inkesta betetzen dutenen artean. 350 euroko bonoa jasoko du saridunak HERRIXEN Merkatari Elkarteko establezimenduetan erabiltzeko. Zozketa ekainaren 21ean egingo da.

Horretarako beharrezkoa da inkestarekin batera doan gutuna gordetzea, bertan agertzen delako zenbakia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide