Azkoitiko duatloietan izena emateko azken eguna, maiatzaren 29a

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 25a, 09:36

Ekainaren 3an Azkoitian jokatuko diren bi duatloi probetarako izen ematea maiatzaren 29an itxiko da, gauerdian. Federatu gabeentzako izen ematea 10 eurokoa da, eta federatuentzat 20 eurokoa.

 

IV. Duatloi Super Sprinta edo Herrikoia federatu gabekoentzat izango da, eta parte hartzaileek egin beharrekoa hau izango da: Bi kilometro korrika, zortzi kilometro bizikletan eta bukatzeko beste kilometro bat korrika. Proba 15:30ean hasiko da. Emakumezkoek eta gizonezkoek elkarrekin hasiko dute proba.

16:45ean, berriz, federatuentzako Azkoitiko XVIII. Duatloi Sprinta hasiko da. Beste urtetan baino motzagoa izango da aurtengo ibilbidea: bost kilometro korrika, hogei kilometro bizikletan, eta azkenik, beste bi kilometro eta erdi korrika. 16:45ean emakumezkoen txanda izango da, eta bost minutu beranduago gizonezkoena.

Duatloi Sprinta Gipuzkoako Txapelketa barruko proba izango da. Emakumezko eta gizonezko absolutuen Gipuzkoako txapeldunak zein diren erabakiko da ekainaren 3ko proban.

Antolatzaileek, "herriko eta inguruetako jendea animatu nahi izan dute duatloi herrikoian parte hartzera", adierazi dute. "Bizikletan zein korrikan ibiltzen den edonork har dezake parte. Froga oso motza da, eta lasai eta lagunartean egiteko modukoa", gehitu dute. Duatloi herrikoian diskodun frenoak dituzten bizikletak ezingo direla erabili ohartarazi dute antolakuntzatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide