Aurrekontu irekiak osatzeko ekimena Azkoitian

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 19a, 13:23
Azkoitiarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa bat jarri dute Herriko Plazan.

Foru Aldundiak karpa bat jarri zuen ostegunean Herriko Plazan, bere jardueraren inguruan kontuak emateko eta herritarren proposamenak bertatik bertara jasotzeko. Horrela, herriz herri ibiliko dira, Gipuzkoako 37 udalerritan, maiatza eta ekaina bitartean.

 

Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak Azkoitian izan du atal berri bat. Horren bitartez, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan. Azkoitiarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa bat jarri dute Herriko Plazan.

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu duenez, Aldundiak herritarrei gerturatzeko ahaleginean dihardu burubelarri: “Oraindik ere erakundea oso ezezaguna da askorentzat, eta ezagutzen ez dena ez da ulertzen. Aurrez aurreko komunikazioa lantzen ari gara horri buelta emateko, bi helbururekin: Aldundia zertan aritzen den azaltzea xehetasun guztiekin, datuen bitartez, eta herritarrak parte hartzera animatzea, haien beharrei pultsua hartuz, eta haien proposamenak pertsonalki entzunez”.

Karpara adin guztietako herritarrak gerturatu dira. Arretarako teknikariak izan dira bertan, parte hartzeko interesa dutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko eta proposamenen bilketa sustatzeko.

Gainera, Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendariak lagunduta, Lasak topaketa egin du goizean Urolako Lanbide Eskolako Administrazio eta Finantzetako, eta Fabrikazio Mekanikoko ikasleekin, haiekin ekimena partekatu asmoz. Diputatua herriz herri egiten ari den bileretan, gazteak "protagonismo handia" ari dira edukitzen, "haiek baitira askotan Aldundia urrun sentitzen dutenak".

Diputatuak gogorarazi duenez, karpara joateko aukerarik eduki ez duten azkoitiar guztiek ere, norbanakoak edo kolektiboak izan, beraien proposamenak aurkez ditzakete ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuz. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide