Unai Izagirre: 'Izar horien artean nire aletxoa uzten saiatuko naiz'

Unai Izagirre, Erniarraitzeko bertsolari azkoitiarra.

Unai Izagirrek eliteko bertsolariekin batera kantatuko du Maiatzeko Loratan. Euskal Herriko txapeldun izandako bertsolariak alboan izango ditu Maialen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Andoni Egaña, besteak beste. Izar horien guztien artean bere aletxoa uzten saiatuko da.

 

Nondik datorkizu bertsotarako afizioa?

Etxetik jaso dudan zerbait izan da. Aita bere garaian bertsolaria izandakoa da, eta, noski, oso bertsozalea ere bada. Umetatik, nahi gabe ere bertso asko entzun izan ditugu etxean. Hala ere, aitortu beharra daukat nigan gerora piztutako afizio bat izan dela bertsoa. 15-16 urterekin-edo hasiko nintzen benetan bertsoaz zaletzen.

Noiz hasi zinen bertsotan?

Zaletzearekin batera, kuadrillakoekin afalondo batzuetan bertso bat edo beste botatzen hasi nintzen. Bertso eskolara hasi edo ez dileman urte batzuk pasatu eta gero, orain dela urte eta erdi hastea erabaki nuen.

Nolatan?

Batetik, bertso eskolako kide dudan Ugaitz Beristainek bertso parrandako saio batean botatako agur batek barruak mugitu zizkidan, bertso eskolaranzko bere bideaz kantatu zuenean. Bestetik, saio erdi ofizial moduan, handik pixka batera bertso desafio moduko bat egin genuen Txalintxo tabernan anaiak eta biok beste biren aurka. Egindakoarekin pozik gelditu nintzen, eta bertso eskolan hasteko erabakia hartu nuen.

Maiatzeko Loratan, eliteko bertsolariekin partekatuko duzu oholtza. Zer da hori zuretzat? Nolako sentsazioak dituzu?

Oholtzakideen izenak ikuste hutsak “beldur” pixka bat ematen dit, baina ilusioa nabarmenduko nuke ezeren gainetik. Norberak ongi daki zein den bere maila, eta besteen pare edo gainetik kantatzeko asmoz joatea errealitatearen jabe ez izatea da, planteamendu okerra litzateke. Izar horien artean nire aletxoa uzten saiatuko naiz, eta talde bezala saio polita ateratzen bada, gustura.

Nolako gomendioak ematen dizkiozu zeure buruari?

Dudarik gabe, gozatzera igoko naiz oholtzara. Ateratzen dena ateratzen dela etxera irribarre batekin joatea daukat buruan.

Eta gainerakoek zer esaten dizute?

Oro har, disfrutatzeko eta beldurrik gabe kantatzeko esaten didate. Baten batek esan dit lasai egoteko, zuri gelditzen banaiz ere ez zaidala asko antzemango eta [barrez].

Urduri egoten al zara bertso saioetan?

Orain artekoetan bi aldeak ezagutu ditut: bai oso urduri egotea, bai lasaiegi ateratzea. Hala ere, normalean bertso pare bat kantatu ondoren lasaitzen naiz.

Zer kostatzen zaizu gehien bertsotan? Eta zer egiten duzu errazen?

Oraintxe bertan, esan nahi dudanari forma ematea kostatzen zait gehien. Italian pasatu berri ditut bost hilabete Erasmus programarekin, eta nabari dut praktika falta. Han euskaraz egitea ere zer zen ahaztu zitzaidan ia!

Zein neurritan moldatzen zara ondoen?

Oraindik behintzat, nire bertsokeraren menpe baino gehiago, egokitzen den egunaren menpe daude horrelako gauzak.

Oholtza edo plaza?

Entzulea entzuteko prest dagoen edozein; aukeran, formatu informalean nahiago.

Bertso bat?

Aitonak kantatu zidana. Dezenteko hitz totela da, eta, nahiz eta bertsoak ez zeukan errima handirik, kostako zaio edonori niretzat bereziago izan daitekeen bertso bat botatzea. Munduan bertso bat kantatuko zukeen azken pertsonatzat neukan aitona.

Zer izan behar du bertso on batek?

Ezeren gainetik, jendearengana iristeko gaitasuna.

Zer esango zenioke bertso eskolara hasi edo ez zalantzan dagoen bati?

Astean behin elkartzen garen lagunarte bat garela azkenean. Hamar bat lagun gabiltza bertsoaren bueltan saltsan, eta bertsoaz gozatu nahi duen oro etor dadila! Mila eratara goza daiteke honetaz, eta norbaitek bere burua kantuan ikusten ez badu ere, nahi duen horretan parte har dezake: gaiak jartzen, saioak prestatzen, bertsoak entzuten... Ez dadila zalantzan gelditu behintzat, eta proba dezala gustuko duen hori, besoak zabalik hartuko dugu eta!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide