Euskadi Lagunkoia proiektuari atxiki zaio Azkoitia

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 18a, 13:25
Udaleko eta Jaurlaritzako ordezkariak, hitzarmena sinatu ondoren.

Azkoitia Euskadi Lagunkoia proiektuan sartu da gaur ofizialki. Javier Zubizarreta alkateak eta Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak sinatu dute hitzarmena. Alboan izan dituzte Erlantz Allur, Matia Fundazioko ikerlaria eta Azkoitia Lagunkoiaren koordinatzailea, eta Nekane Larrañaga, Ongizateko zinegotzia.

 

Euskadi Lagunkoiak 40 udalerri biltzen ditu, eta adineko pertsonentzat herri lagunkoiagoa sortzea du helburu, zahartze aktiboa bultzatuz eta parte hartzea sustatuz. "Adin bakoitzak bere beharrak ditu, eta Azkoitia Lagunkoiak adineko pertsonetan jartzen du begia", hasi da Zubizarreta alkatea. Azaldu duenez, "ez da helburu bakarra, baina horrelako baliabideak izanda" lortzeko itxaropena ezin da galdu.

Munduko Osasun Erakundeak bultzatutako proiektua da gaur Azkoitiko Udalean sinatu dena. Arlo honetan lan egiten duen munduko talderik indartsuena Euskadi Lagunkoia dela azpimarratu nahi izan du ondoren Zubizarretak. Azkoitian urte hasieratik dago Azkoitia Lagunkoia proiektua martxan; taldea hilero elkartzen da, eta bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu. Alkateak taldekideek egiten duten "esfortzua" eskertu nahi izan du: "Gogotsu lan egiten dute besteen alde".

Erlantz Allur Matia Fundazioko ikerlariak "gizarteko kezka" eta era berean "aukera" gisa ikusten du gizartean gero eta adineko pertsona gehiago izatea. Gizarte lagunkoiagoa egiteko lanean ari da Matia Fundazioa, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Hainbat area ukitzen dituzte diagnostikoan: aisialdiko espazioak, irisgarritasuna, partaidetza, kohesioa, gizarte inklusioa, komunikazioa eta garraio sistema, besteak beste. Adineko pertsonak eta inguruko beste eragile batzuk asetzeko garaian herria zeinen lagunkoia den aztertzea da helburua, Allurrek esan duenez.

Egun gutxi barru, herrian galdetegi bat zabalduko dute, herritarrek programaren berri izan dezaten. Aurrez aipatutako arlo horietan herria nolakoa den eta Azkoitia zenbateraino den lagunkoia identifikatu nahi dute etxez etxe banatuko diren galdetegien bitartez.

Erantzunak jaso eta talde eragilean aztertu ondoren, diagnostiko bat egingo da. Herritarrekin landu, eta udalak hainbat ekintza eramango ditu aurrera. Azken fasean, emaitzak aurrera eraman diren ekintzekin kontrastatuko dira. "Programa interesgarria da, eta hankaz gora jartzen du ohiko parte hartze sistema", esan du Matia Fundazioko ikerlariak. Etxeetan jasotako galdetegiak betetzera animatu nahi izan ditu herritarrak.

Lide Amilibia sailburuordeak, azkenik, euskal gizartearen bizi itxaropena "handia" dela esan du hitzarmenaren aurkezpenean. "Gizarte zaharkitua dugu, baina Eusko Jaurlaritzak ez du arazotzat jotzen, erronkatzat baizik", jakinarazi du Amilibiak. Prebentzio egitasmo bat balitz bezala ere lantzen dute gaia. "Zenbat eta indar handiagoa jarri prebentzioan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobea izango da, eta aportazioak egiteko gai izango dira", adierazi du, amaitzeko, Amilibia sailburuordeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide