Mikel Larrañaga: 'Gustura nago taldeak egindako lanarekin; edozein talderi aurre egiteko gai gara'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 9a, 15:33
Mikel Larrañaga partida ondoren. (Argazkiak: Vildo Photo)

Mikel Larrañaga Egiguren (1991) errugbi jokalari azkoitiarrak Zarautz Rugby taldean zazpi urte daramatza. Ohorezko Bigarren Mailan jokatzen du talde zarauztarrarekin, eta aurten igoera fasean Alacanteko La Vila taldea izan dute aurkari. Larrañagak aurtengo denboraldiari buruz, eta etorkizunera begira dituen erronken inguruan hitz egin dio Maxixatzeni.

 

La Vilaren aurka jokatutako final-laurdenetan igoera lortzeko aukerarik gabe gelditu zarete. Nola joan dira partidak?

Bagenekien arerio oso gogorra izango genuela Alacanteko taldea eta gure partetik genuen guztia eman behar genuela, kanporaketa geureganatzeko. Bi partidak oso irekiak eta borrokatuak izan dira, erritmo eta exigentzia maila oso altua izan baita, denboraldian izan ditugun beste partidekin alderatuta. Nahiz eta ezin izan dugun aurrera jarraitu, gustura nago taldeak egindako lanarekin; edozein talderi aurre egiteko gai gara. La Vila taldea zoriontzea besterik ez zait gelditzen, eta uste dut Burgos eta euren artean egongo dela igoera.

Non aurkitu ditu taldeak liga amaiera honetan zailtasunik handienak?

Kontaktu asko eskatzen duen kirola da. Zoritxarrez lesio asko izan ditugu azken boladan, horrek asko eragin du gure aurtengo ibilbidean. Errugbian talde denetan izaten dira lesioak. Fisikoki eta teknikoki ondo prestatua egoteak asko laguntzen du nahiz eta lesioak askotan ezin diren ekidin. Taldeko mutil gazteenek denboraldi guztian zehar erakutsi duten jarrera eta izaera ere txalotzekoak dira. Etorkizunera begira, jokalari oso onak datoz harrobitik. Horien artean aurkitzen da Jon Eceiza azkoitiarra ere. Lehen urtea egin du lehen taldean, eta egia esan, bikain aritu da.

Taldea zein egoeratan sentitu da erosoen?

Urte asko damatzagu taldeko jokalari gehienok elkarrekin jolasten, eta plazer hori talde gutxik dute gaur egun. Giro ona dugu, eta zelaian nahiz kanpoan elkar ondo ezagutzen gara. Guztiak norabide berdinean lan egiten saiatzen gara, eta bidean izan ditugun oztopoak errazago gainditzea lortu dugu horrela. Erosotasun eta laguntasun horrek hirugarren urtez igoera fasera eraman gaitu. Taldeak duen nortasunarekin eta anaitasunarekin gelditzen naiz.

Aurtengo denboraldiaren inguruan, zer nolako balorazioa egingo zenuke?

Entrenatzaile aldaketa izan dugu aurtengo denboraldian, eta taldeak gorabehera handiak izan ditu, besteak beste, lesioak, lan saio desberdinak edota instalakuntzen berritze lanak. Aurreko bi urteekin alderatuta, emaitza kaxkarragoak lortu ditugu. Nire ustez, beste taldeen mailak handitu egin da, eta horrek eragina izan du.

Igoera fasean sartzea lorpen handia izan da taldearentzat. Aurreko urteetan ere hor egon gara, baina urtetik urtera geroz eta zailagoa ari da izaten. Bestalde, aurten taldera sartu diren mutilek ezarri duten maila sekulakoa izan da. Hurrengo urteetara begira ilusioz lanean jarraitzeko gogoa dut. Oro har, oso denboraldi ona egin dugu, eta taldea eta zaleak zoriontzea besterik ez zait gelditzen. Kluba aurrera eramateko boluntarioei, eta beteranoei ere eskerrak eman nahiko nizkieke.

 

 

Zenbat denboraldi daramatzazu Zarautzen? Noiz hasi zinen kirol hori praktikatzen? Zein izan zen errugbian hasteko arrazoia?

Aurtengoa zazpigarrena izan da, eta Zarautzen bertan hasi nintzen errugbia praktikatzen. Mikel Eceiza eta Ekhia Larzabal azkoitiarrak ikustera joan nintzen orain urte batzuk. Beraiek ni baino lehenago hasi ziren kirol honetan, eta asko gustatu zitzaidan. Entrenamendu batzuk egingo nituela esan nien. Lehen unetik jarraitzea pentsatu nuen, eta hortxe jarraitzen dut. Oso talde atsegina eta gertukoa da, familia bat gara eta plazer bat da bertako partaide izatea. Beraiek lagundu zidaten kirol honetan murgiltzen, eta nahiz eta gaur egun taldean ez izan lesio edota beste arrazoi batzuengatik, eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Etorkizunean espero dut berriz ere beraiekin zelaian gozatzea.

Aipatu  beharra dut urte hauetan pasatu diren edota oraindik ere klubean aurkitzen diren jokalari azkoitiarrak: Mikel eta Jon Eceiza anaiak, Ekhia Larzabal, Alain, Xabat, Gotzon eta Josu.

Zein izan da orain arte lortutako balentriarik handiena?

Lorpen handiena gaur egun gauden Ohorezko Bigarren Mailara igoera lortzea izan zen. Bestalde, maila honetan bertan izan ditugun igoera faseak jokatzea ere lorpen handitzat jotzen dut.

Zein da duzun ametsa?

Zarautz Rugby taldearekin lehen mailan jokatzea.

Zenbat lan saio egiten dituzue astean? Nolakoak dira entrenamenduak?

Astean lau entrenamendu egiten ditugu, asteazkena izaten dugu atseden hartzeko eguna. Astelehenetan fisikoa lantzen dugu, baina denboraldian zehar aldatzen joaten dira ariketak eta exigentzia mailak. Astearteetan, aldiz, defentsako ariketak egiten ditugu hasieran, eta gero banandu egiten gara aurrelari eta hiru laurden postuetako jokalariak. Aurrelariok, adibidez, melea lantzen dugu gehienetan, eta bestela joko irekian ditugun jokaldiak errepasatzen ditugu.

Astearen bigarren zatiari dagokionean, ostegunetan, pertsonalki hobetzeko ariketak burutzen ditugu. Ondoren, berriz ere banandu egiten gara. Aurrelariok touch deitzen zaion jokaldia lantzen dugu. Amaitzeko, guztiok elkartu eta hogei minututan taldean ditugun jokaldiak burutzen ditugu, beti ere erritmo altua eta aurkariaren ahulguneak kontutan hartuz. Ostiraletan, azkenik, guztiaren errepasoa egiten dugu eta taldeko kapitainak zein jokaldi eta zelaiko zein lekutan egingo diren dinamizatzen du. Garrantzitsua izaten da astea sentsazio onekin amaitzea.

Datorren denboraldira begira jarrita, zein dira zure asmoak?

Talde honetan gozatzen jarraitu nahi dut, eta ahal den neurrian taldeari lagundu. Igoera fasea jokatzeko txartela lortzen saiatuko gara berriz ere, eta lortuz gero, bertan ahal den paper onena egiten saiatuko gara. Igoera lortzea sekulakoa litzateke.

Zein dira errugbiak dituen ezaugarri nagusiak?

Jende askok esaten du kirol bortitza eta arriskutsua dela, baina hori ez da horrela. Kontaktu handiko kirola da, baina ezeren gainetik kirol garbia eta apala bihurtzen duten baloreak daude. Gainerako kirol modalitateek errugbitik ikasi beharko lukete. Taldea da garrantzitsuena eta ez norbanakoa. Edozein pertsonak du jokatzeko aukera, aniztasunaren isla da errugbia: handiak, txikiak, meheak, lodiak…

Epaileari zerbait esan behar izanez gero, kapitainaren bitartez egin behar da. Gainerako jokalariok ez dugu horretarako aukerarik. Kapitainak errespetuz hitz egin behar dio epaileari, eta jauna deitu. Beraz, errespetu eta disziplina handia dagoela esan genezake. Partida bakoitza amaitu ondoren, bi taldeek pasabidea egiten diogu elkarri eta elkar txalotzen gara. Elkarri eskua eman, eta egin duten partida txalotzen dugu.

Nola bizi dituzu “hirugarren denbora” horiek? Pentsatzeko da errugbiak duen alderik malguena dela.

Errugbiak duen giro eta balore on horiek guztiak laburtzen dituen une polit bat bezala sentitzen dut hirugarren denbora. Neurketaren inguruan, edota beste talde batzuen inguruan hitz egin ohi dugu taldekideekin, aurkariekin zein epailearekin.  Epailea edota beste taldeko jokalariak gurekin afaltzen ere geratu izan dira. Horrek uste dut asko esan nahi duela errugbiaz. Besterik gabe, errugbia probatzera edo ikustera gonbidatu nahi ditut guztiak, eta nola ez gozatzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide