Gosearen Aurkako Lasterketa egingo dute ostegunean, Floreagan

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 9a, 09:57
Gosearen Aurkako Lasterketa egingo dute ostegunean. (Argazkia: Floreaga Ikastetxea)

Gosearen Aurkako Ekintza, Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu ohi duen elkartasun lasterketa da, eta aurten, Azkoitiko Floreaga ikastetxeak bat egin du egitasmoarekin. Hala, bigarren aldiz egingo dute Gosearen aurkako lasterketa.

 

Datorren ostegunean egingo dute lasterketa, Floreaga ikastetxeko jolastokian, 15:40etik 17:00etara artean. Distantzia desberdinetako ibilbideak zehaztuko dituzte. Adinaren arabera, txanda desberdinak egingo dituzte, parte hartzaileek nahi beste itzuli egingo dituzte korrika. Amaitutakoan, ekarpen ekonomiko bat egingo dute. Era berean, guztiei fruta banatuko zaie, “elikadura jasangarri eta osasungarrien garrantziaz jabetzeko”, adierazi dute. Edonork har dezake parte lasterketan, eta aurten, jasotako dirua Etiopiara bideratuko da.

Munduko herrialde desberdinetan dagoen elikadura-urritasunari, eta horrek eragiten dituen ondorioei aurre egiteko asmoz antolatu ohi da taldeak lasterketa duela hogei urtetik. Ikastetxearen arabera, elkartasuna eta osasuna batzen dituen ekintza “motibagarria eta hezitzailea” dela azpimarratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide