Idurre Eskisabel: 'Une honetan euskalgintzak badu feminismotik hartzeko gauza interesgarririk'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 8a, 15:59
Idurre Eskisabel, EHUko irakaslea.

Maxixatzenek antolatutako Maiatzeko Loren barruan, bihar, maiatzak 9, solasaldia izango dugu Lorea Agirre Jakineko zuzendaria eta Idurre Eskisabel EHUko irakaslearekin, Euskara eta feminismoa gai hartuta, Elkargunean 19:00etan.

 

Biak ala biak Egunkarian nahiz Berrian kazetari lanetan ezagutu genituen, eta harrez gero ibilbide oparoa egin dute, nola hedabideetako kolaboratzaile moduan, hala pentsamenduari loturiko ekimenetan.

Solasaldia apur bat kokatze aldera, galdera batzuk erantzun dizkigu Idurre Eskisabelek:

 

Azkenaldian feminismoa abangoardiari lotutako mugimendu gisa ageri zaigu. Ados al zaude lotura horrekin?

Abangoardiaren ideia ez zait askorik gustatzen, eliteen edo gutxi batzuen gidaritzarekin duen zerikusiagatik. Nahiago dut eraldaketa soziala prozesu horizontal gisa ulertu. Baina, bai, alde horretatik, ikusten eta sentitzen dut gaur egun eta hemen justizia soziala -adierarik sakonenean- helburu duten erakunde, talde, mugimendu eta kolektiboentzat feminismoa erreferentzia garrantzitsua bihurtu dela. Ez da harritzekoa. Izan ere, ezkerra oraingo mundu zurrunbilotsu honi erantzun ezinik sumatzen dut, egungo paradigma soziopolitiko eta ekonomikoari tresna zaharkituekin erantzuten, bestelako errealitate bati erantzuteko sortutako lanabesekin. Birpentsatze aroa da, eta uste dut feminismoak (edo feminismoek) egin dituzten ekarpenetan daudela ardatzak tresnen berritze horretarako, arlo askotan: sexu/genero sistemaren antolaketari dagokionez,  jakina, baina hori zimendu harturik eta hortik abiatuta, burujabetza, erabakimena edo demokrazia bera birpentsatzeko, eta zer esanik ez, ekonomia. Feminismoak, edo feminismoaren parte garrantzitsu batek bederen, bizitza erdigunean jartzea esan nahi du, eta abiaburu ezinbestekoa da mundua hobetzeko.

 

Oraindik orain zenbait pentsalarik feminismoa eta euskara lotzeko pentsamendu ildoa urratu duzue. Nolatan erne zen ideia hori?

Galizian-eta hasi ziren lotura egiten. Askotan, ideiarik interesgarrienak ustez bazterrekoenak-edo diren lekuan sortzen dira. Hemen, Mari Luz Estebani entzun genion aurreneko aldiz lotura egiten. Lorearen eta bion kasuan txinparta moduko bat izan zen hori, ordu arte egin ez genuen konexio bat egiteko bidea. Izan ere, biok aritu gara eta aritzen gara euskalgintza esaten zaion horretan; euskararen mendekotasuna, hizkuntz gatazka eta gu geu euskaran ardaztutako pertsona eta herritar izateko nahiari jartzen zaizkien trabei  aurre egitea gure bizi jardunen parte handi bat dira. Antzeratsu feminismoarekin. Baina bien arteko lotura, berriki egin dugu, arestian aipatu ditudan horien ideiak jaso eta gero. Eta behin lotura egiten hasita ohartu gara sexu/genero sistemaren araberako zapalkuntzak eta hizkuntza arlokoak (zeina herri zapalkuntzarekin lotuta ulertzen dugun) paralelismo handiak dituztela menderakuntzarako bideetan eta, horrenbestez, elkarren lagun direla haiei aurre egiteko moldeetan. Azken batean, nor izate prozesuetaz ari gara batean zein bestean, erabakimenaz eta burujabetzaz. Biek dute, gainera, banakoan mamitzen den alde bat, baina erabat kolektiboa den beste bat.

 

Zer irabaz dezake feminismoak euskararen munduarekin uztartuta, eta zer irabaz dezake euskal munduak feminismoarekin lankidetzan?

Gure hitzaldian esaten dugu gure ustez une honetan euskalgintzak baduela gauza interesgarririk feminismoaren teorizaziotik eta diskurtso zein praktiketatik hartzeko. Gure herriaren azken mende erdiko historia gatazka armatuak markatu du, eta horrek eragotzi  egin du zenbait gauza sakonean pentsatzea hainbat aldaketari erreparatzea. Azken mende erdian mundua izugarri aldatu da, batik bat, pertsonaren ikuspegia bera, eta pertsonak jendartean zein bizitzaren aurrean dituen erronka eta egitekoena. Lehen uztardura handiko komunitateetan bizi ginen, horiek lausotzen doaz… Halaber, norberari bizitzan egitea zegokiona askoz ere finkoagoa zen…  Horregatik uztartzen ziren hain ondo euskara edo herria “salbatzea” bezalako lanak hainbeste jendek bere gain hartzea. Norbanakoen askatasuna horien gainetik jartzen da orain… eta ez plano teoriko batean bakarrik, baizik eta erabat barneratuta daukagun zerbait da bakoitzaren askatasuna dela funtsa –beharbada, berrikusi beharreko zerbait da, baina, oraindik orain, hor gaude-. Alde horretatik, sexu/genero sistemak eragindako zapalkuntza feminismoak oso ondo uztartu du izate edo sakoneko ideologia berri horrekin… nor izate auzi bat planteatu du… Era berean, lehenago identitate auzi bat zena –emakume izatearekin lotua, hots, partikularitate batekin- unibertsalen auzira eraman du, justizia sozialarekin lotu du. Hau da, lortu du emakumeen zapalkuntza ez izatea emakumeen kontu soil bat, baizik eta justizia sozialarekin eta demokraziarekin arduratua dauden guztiena. Horretan, euskalgintzak badu zer harturik. Era berean, urte hauetan guztietan euskalgintzak bide luzea egin du, hutsetik abiatuta ehunka esperientzia sortu eta bere gain hartu ditu, eta horretatik denetik feminismoak ere badu zerekin aberastu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide