Erlo enpresako lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 4a, 14:36
Erlo Group SL lantegiko hainbat behargin bildu dira gaur eguerdiko bilkura isilean.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, Erlo enpresan atzo jazotako lan ezbeharra salatu dute dozenaka lagunek gaur eguerdian. Lan istripu gehiagorik ez; prekarietatea hiltzailea! zihoen pankartaren atzean batu dira sindikatuetako ordezkariak eta hildakoaren lankideak. 24 orduko lanuztea ari dira egiten Erlon.

 

30 minutuko bilkura isilaren ondoren, Andoni Eizmendi ELA sindikatuko ordezkariak hitz egin du, eta Erlo lantegian atzo hildakoa aurten Hego Euskal Herrian lan istripuz hil den 21.a dela esan du, eta politikariei eskatu die "benetazko politikak" jartzeko mahai gainean, "eraginkorrak eta neurri zehatzekin, hau ez dadin gehiago gertatu". 

Atzo 15:40an jazo zen ezbeharra Txerloia auzoko Erlo Group konpainian. Anbulantzia istripua izan den tokira bertaratu zen, eta langilea Mendaroko Ospitalera eraman zuten. Ordea, ospitalean hil egin zen, ezbeharrean egindako zaurien ondorioz.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide