LAB sindikatuaren irakurketa Erlo lantegian izandako lan istripua dela eta

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 4a, 10:58

"LAB sindikatuak, Azkoitiako ERLO GROUP lantegian atzo lan istripu baten ondorioz langile baten heriotza dela eta, ondokoa adierazi nahi du:

 

Lehenik eta behin, hildako langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna adierazi nahi diegu.

Eskualdeari dagokionean urte gogorra dugu aurtengoa, IBARMIAn gertaturiko langilearen heriotza otsailean, BURNI enpresan gertaturiko ezbehar larria apirilean,... eta orain langile baten heriotza. Aski da!

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan hiltzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea, zauritzea... ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Urtero lan istripuen ondorioz, 50 langiletik gora hiltzen da, eta 21 dira dagoeneko 2017 honek utzi dizkigunak. Milaka zenbatzen dira gertatzen diren lan istripuak eta zer esanik ez “izkutatzen direnak”, Azkoitiko IBARMIAn duela gutxi gertaturikoa kasu. Administrazio publikoek bitartean, patronala lagunduko dute, batere eraginkorrak ez diren politiken bitartez eta legea betetzeko kontrol gutxiago eginez.

Eusko Jaurlaritzari, Osalani eta Lan ikuskaritzari eskatzen diegu istripu hau behar bezala aztertu dezatela, ardurak argitu eta behar bezalako arreta, ardura eta neurriak hartu ditzatela, horrelako gertaerarik berriz ere errepika ez dadin.

Langileok laneko gaixotasunekiko, eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO  aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz. Aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz edo Iruñeatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. 

Horregatik guztiagatik, salaketa-protesta gisa deitutako mobilizazio guztietan parte hartzeko deia babesten dugu. Hasteko eta behin, gaur eguerdiko 12etan Erlo enpresaren atarian burutuko den elkarretaratzera batuko gara".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide