'Francoren bilobari gutuna' antzezlana eskainiko dute zapatuan Baztartxon

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 2a, 11:45
Erika Olaizola eta Ander Lipus Sonia Vazquez kultura zinegotziarekin batera.

Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusi ahal izango da zapatu honetan, Baztartxo antzokian (22:00). Erika Olaizola eta Iñigo Ibarra "Ander Lipus" aktoreek taularatuko dute, besteak beste, lana.

Sarrerak Baztartxoko leihatilan bertan eroski ahalko dira 6 eurotan. Leihatila ordubete lehenago ireki ohi da, 21:00etan alegia.

Euskal Herriko hiru lurraldetako hiru antzerki talde elkartuta, Artedrama (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa), elkarrekin sortu zituzten Errautsak  lehenengo, eta Hamlet ondoren. Larunbatean Francoren bilobari gutuna antzezlana aurkeztuko dute Baztartxo antzokian.

Iazko urrian estreinatu zuten Luhuson (Lapurdi) lana, eta 45 emanaldi baino gehiago eman ondoren, emanaldien azken txanpan sartuta da antzezlana. Orain arteko emanaldietan publiko kopurua nabarmena izan dela adierazi du Ander Lipusek. "Antzoki batzuetan jendea sartu ezinda gelditu da", adierazi du Lipusek. "Jendeari iristen zaion lana da". Zapatuan Baztartxora joateko gonbitea luzatu die Azkoitiko herritarrei.

Frankismoak utzitako min eta zaurien inguruko lana da, eta ospitale batean dago kokatuta lana. Francoren bilobari gutuna obra tragikoa dela esan du, baina umoretik ere asko duela. Guztira zazpi aktorek hartuko dute parte ordu bat eta berrogeita bost minutu irauten duen obran.

Sinopsia: Iñakik hamar urte ditu eta leuzemiak jota dago. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala. Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide