Maiatzaren 2an hasiko dira XXVIII. Floreagako Euskal Kultur Jardunaldiak

Maxixatzen.eus 2017ko api. 28a, 10:11
GarbiƱe Biurrun epailea izango da aurreneko hizlaria aurtengo Floreagako Euskal Kultur Jardunaldietan.

Aurtengo XXVIII. Floreagako Euskal Kultur Jardunaldiak prestatu dituzte Floreaga Ikastetxeak eta bertako Guraso Elkarteak. Urte asko dira jada Azkoitian kultur bideetan proposamenak proposatzen, eta aurten ere eskaintza horri eutsi nahi izan diote.

 

Maiatzaren 2an, asteartean, Garbiñe Biurrun epailea arituko da “Justizia eta gizartearen hainbat arazo” gaiari buruz, hitzaldi edota elkarrizketa batean. Joxe Agustin Arrieta irakasle azkoitiarra izango da gidaria. Saioa Floreagako Don Bosco aretoan izango da doan, 20:00etan.

Maiatzaren 10ean, asteazkenean, “Alai Batza: 30 urte” mahaingurua izango da. Koldo Vergara, Cristina Arrizabalaga, Zezilio Salas eta Amaia Arteaga izango dira partaide, eta Jose Kruz Gurrutxaga aktorea izango da moderatzailea. Alai Batza taldeak 30 urteko historia oparoa du. Bere sorreraz eta ezaugarriez arituko dira. Topaketa doan izango da Don Bosco aretoan, 20:00etan.

Maiatzaren 25ean Kultur Jardunaldietako hirugarren saioa izango da. Azkoitiko kaleetan zehar kantari, “KANTU JIRA” egingo dute. Euskarazko kantu tradizionalak lagun artean kantatzeko ohitura indartu nahi dute.

Antolatzaileek interesa duten guztiak gonbidatu dituzte Kultur Jardunaldi horietan parte hartzera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide