Intsausti Jauregiko pianofortea Italiara eraman dute konpontzera

Maxixatzen.eus 2017ko api. 25a, 14:09
Debiaggi astelehenean izan zen Intsausti Jauregian. (Argazkiak: Joakin Sudupe)

Umberto Debiaggi italiarra astelehen goizean Intsausti Jauregian izan zen pianofortea ezagutzen. Teknikari italiarrak urtebete inguru beharko du Azkoitian aurkitzen zen instrumentua konpontzen.

 

Debiaggi Umberto etxe italiarrak hartu du pianoa berriz konpontzeko ardura, eta Umberto eta bere emazteak 1270 kilometro egin zituzten Azkoitira etortzeko. “Urtebete inguru beharko dugu konpontzeko, eta desmuntatzerakoan ezustekoak izango ditugula pentsatzen dugu”, adierazten zuen teknikariak Intsaustin egindako lehen ikuskapenean. Musika-tresnari, bere historian zehar, hobekuntza batzuk egin dizkiotela jakin zuen bertan, eta ez zuen baztertu XVIII. mendearen amaieran egindakoa zenik. Uste zutena baino lehenagokoa dela ondorioztatu zuten.

Bere funtzionamendua piano baten edo klabikordio baten antzekoa da. Tekla bat indarrez sakatzen baldin bada soinua gogorra da, forte, eta arin egiten baldin bada gozoa da, pianoa italiarrez. Mozartek bere konposizietan, eta Beethovenek bere lehen lanetan erabiltzen zuen instrumentu bat da.

2014ko udan, Juan Antonio Garmendia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide zenaren familiak Gipuzkoako batzordeari dohaintzan eman zion pianofortea. 1803an John Broadwood & Sons, Ltd fabrikatzaile ingelesak egin zuen Intsausti Jauregian aurkitzen zen pianofortea.

214 urte ditu gutxienez musika-tresnak, eta zaharberritze prozesu baten beharrean zegoen. Astelehenean Intsaustiko Jauregitik Italiako Vicino haranerako bidea hartu zuen instrumentuak, eta bertan urtebe inguru egongo da konponketa osoa egin arte. 20.000 euro ordaindu beharko dituzte konpontze lanak. Ordainketa horiek, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide partikularrek egindako ekarpenekin eta Zalduntxoen Gipuzkoako Batzordeko kideek egindako ekarpenekin egingo dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide