1766ko matxinadaren ibilaldi gidatua Egurbideko olatik abiatu dute

Maxixatzen.eus 2017ko api. 22a, 10:51
Egurbideko olan eman diote hasiera ibilaldi gidatuari.

Egurbideko olatik edo Aingeru Guardako etxetik abiatu dute dozenaka lagunek 1766ko matxinadaren berri jasotzeko ibilaldi gidatua.

 

Olatz Arangurenek gidatuta ekin diote ibilaldiari, eta altxamendu hori gertatzeko arrazoi nagusiak zein diren ezagutu dituzte parte hartu duten 30 pertsona inguruk. "1766an Urola Erdiari sona handia eman zion matxinada gertatu zen. Gariaren eta artoaren prezioek gora egin zuten, eta ondorioz herritarrak altxatu egin ziren. Ekonomia liberalaren joerak jauntxoen aberasteko grina piztu zuen, nahiz dirutze hori herritar txiroen gosearen kontura etorri", azaldu du Arangurenek.

Arangurenek kontatu duenez, matxinadaren lehen txinparta Azkoitian piztu zen urte hartako apirilaren 14an, eta egun berean hartu zuen indarra protestak Azpeitian ere. Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrak gizarte eta ekonomia eredu bidegabe baten aurrean altxatu eta hamar egunez pobreen gobernua eta legeak izan ziren nagusi, herri-justizia ezarri zen nolabait. Gariaren eta artoaren prezioak jaitsi egin ziren, eta bertako alea kanpora saltzeko debekua ezarri zen beste neurri askoren artean.

Hamar egun beranduago, baina, Donostiatik antolatutako 1500 gizon armatuko taldea iritsi zen Urola ertzera. Lehen egunean 100 bat pertsona atxilotu zituzten, horietako asko emakumeak. Lege matxino guztiak berehalakoan indargabetu zituzten. Hori eta gehiago azaldu du Arangurenek gaur goizean egin duten ibilaldi gidatuan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide