Oreka Bioelkarteak hainbat ekintza antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Maxixatzen.eus 2017ko api. 11a, 10:17

Oreka Bioelkarteak sei ekintza antolatu ditu apirilerako, maiatzerako eta ekainerako. Tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak izango dira, besteak beste.

 

Kimu Batek zuzendutako ikastaroarekin hasiko dira Oreka Bioelkartearen ekintzak. Apirilaren 24an, 18:30ean, Udaberrian loreak nola zaindu ikastaroa egingo dute Elkargunean. Izena Oreka Bioelkartean bertan eman behar da.

Apirilaren 26an, bestalde, Jakoba Errekondoren hitzaldia izango da Elkargunean. 18:30ean hasiko da agronomo eta paisajista usurbildarraren solasaldia.

Apirilaren 28an, berriz, Ricardo Arriola homeopatia eta akupuntura medikuaren eta Silvana Huegun dietista-nutrizionistaren hitzaldia izango da Elkargunean. 18:30ean hasiko da bi hizlarien solasaldia, eta Txinako medikuntza tradizionalaren arabera udaberrian eta udan nola zaindu behar den azalduko dute.

Hurrengo egunean, apirilaren 29an, Ezkio-Itsasoko Haristizabal baserrian ogia nola egin behar den ikasteko aukera izango da. Xabi Akizuk zuzenduko du doako ikastaroa 10:00etan hasi eta 17:00ak bitartean. Interesa dutenek Oreka dendan eman beharko dute izena apirilaren 22a baino lehen.

Antolatutako bosgarren ekintza sukaldearen ingurukoa izango da. Udaberrian eta udan sukaldaritza energetikoa nola landu behar den ikasteko aukera izango da Silvana Huegunen eskutik. Elkarguneko sukaldean izango dira saioak maiatzaren 2an, 18an eta ekainaren 1ean, 18:00etatik 20:00etara. Izena Oreka Bioelkartean eman beharko da.

Azkenik, maiatzeko lau asteazkenetan, 3an, 17an, 24an eta 31n, sendabelarren eta prestatutako landareen inguruko tailerra egingo dute. Eva Menak zuzenduko dute azken ekintza hori Kultur Etxean 18:30etik 20:30era. Izena apirilaren 22ra arte eman ahalko da Oreka Bioelkartean.

Informazio gehiago 943 02 62 31 telefono zenbakian eskuratu daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide