Azkoitia Lagunkoiaren hurrengo bilera, martxoaren 22an

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 16a, 12:30

Hilean behin elkartzen dira Azkoitia Lagunkoiako kideak, adineko pertsonentzat Azkoitia herri lagunkoiagoa bihurtzen laguntzeko. Hurrengo bilera martxoaren 22an egingo dute Elkarguneko Zeharkako aretoan, arratsaldeko 18:00etan.

 

Azkenengo topagunean pertsona nagusiei zuzenean eragiten dien alderdien inguruko diagnostikoa egin ahal izateko, inkesta baten diseinua landu zuten. Datorren asteazkeneko bileran, herritarren proposamenak eta ekarpenak jaso eta lanean jarraitu ahal izateko, galdeketa nola zabaldu eta partaidetza aktiboa nola sustatu jorratuko dituzte.

Azkoitia Lagunkoiak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu hurrengo bilerara, herri atsegin eta erosoago bat egiteko, nagusien beharrei erantzuten dien neurriak txertatuz.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzaren proiektua da, eta Osasunaren Mundu Erakundearen programa batean dago oinarritua. Matia Fundazioa arduratzen da aurrera eramateaz eta herri ezberdinetan martxan jartzeaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide