Umeak alaitasunera batzen

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 20a, 10:35

Alai Batza Azkoitiko salestarren aisialdi taldea da, orain dela 30 urte sortua. Garai hartan zeukaten helburua eta gaur egungoa berbera da: “Gazteekin eta gazteentzat lan egitea”. Hasieran ez zuen jende askok eman izena, baina hogeita hamar urte hauetan 2.500-3.000 pertsona inguru igaro dira bertatik. Bestalde, taldearen historian 200-300 begirale inguru ibili dira, denak ere boluntarioak. Alai Batza txiki zein gazteentzat dago irekita, ostiral eta larunbatean.

 

Gaur-gaurkoz, Alai Batzak hiru koordinatzaile ditu: alde batetik, Iosu Irizar dago, Alai Batzako koordinatzailea; beste aldetik, Amaia Arteagak Gazte Kluba koordinatzen du; eta, azkenik, Koldo Calvo aisialdi taldearen koordinatzaile nagusia da. Gazte Kluba Alai Batzak gazteentzat duen atala da, eta ostiral gauean egoten da zabalik.

Alai Batza ez da soilik ostiral eta larunbateko ekintzetan oinarritzen; udarako kanpaldiak ere antolatzen ditu, baita Azkoitian udaran egiten den Uztaila Jolasean ere. Kanpaldiei dagokienez, Azkoitiko gaztetxoak Somalo izeneko toki batera joaten dira, Logroño eta Uruñuela herrien albora, Bosco Taldea osatzen duten beste etxeekin batera. Bosco Taldea, hain zuzen ere, EAEko, Nafarroako, Errioxako eta Kantabriako 15 etxe salestarrek osatzen dute, eta Espainiako Gazte Zentroen Konfederazioa ere han elkartzen da.

Alai Batzak 47 begirale inguru ditu gaur egun, eta guztiak boluntarioak dira. Gazteenak lehenengo batxilergoko ikasleak dira, eta zaharrenek, berriz, 29-30 urte bitartean dituzte. “47 begirale boluntario izatea azpimarratzekoa da”, dio Irizarrek.

Alai Batzak 30 urte beteko ditu, eta baliteke hainbeste urte irautearen sekretua gazteei emandako atentzioa izatea. Gazteak, parkeak, lokalak eta halakoak izanda ere, askotan Alai Batzara joaten dira, han jasotzen dutena kalean jasotzen ez dutelako. “47 pertsona daude haiekin jolasteko edo haiek nahi dutenean laguntzeko. Esan daiteke umeen alde lan egiten dugula, eta nahi duten guztian edo ahal dugun guztian laguntzeko gai garela iruditzen zait”, adierazi du Arteagak. Horri dagokionez, astebururo hainbat jarduera egiten dituzte, eta guztientzat zerbait desberdina egin nahi izaten dute, inor asper ez dadin. Eta, harritzekoa bada ere, Alai Batza ez da gain behera joan. Izan ere, urtetik urtera jende gehiago apuntatu da, herriari zabalduta dagoen proiektua delako. “Hemen ematen duguna ez da jolasetan bakarrik oinarritzen; asteburuan irekita egoten den aisialdi talde bakarra gara, eta, horri etekina ateratzeko asmoz, hainbat irteera ere egiten ditugu”, gaineratu du Irizarrek.

Alai Batzak hainbat aldaketa izan ditu koordinatzaileen aldetik. Litekeena da arrazoia salestarren aldaketak izatea. Orain Koldo Calvo dabil zuzendari edo koordinatzaile nagusi; Calvori, Intxaurrondotik etorri zenean, egokia iruditu zitzaion Alai Batzaren eraketa, eta, adierazitakoaren arabera, Alai Batza indartsu dago beste hainbeste urtetan aurrera jarraitzeko. “Orain lanak nolabait banatu ditugu, eta martxa onean gabiltza lanak egiten. Bi koordinatzaile gazte daude, eta horrela jarraitzen badute lanean, etorkizunean oso ondo ibiliko gara, nire iritziz. Ez dugu ahaztu behar begiraleak eta koordinatzaileak boluntarioak direla”, azaldu du Calvok. Argi dago koordinatzaile gazteak eta begirale langileak izatea ez dela nahikoa, eta, horregatik, azpimarratzekoa da aurtengo ikasturtean 350-400 ume inguruk eman dutela izena. Aisialdi taldearen helburu bakarra ez da gazteei kalean ez duten hori ematea, baizik eta Azkoitiko umeek behar duten hori ematea. Calvoren arabera, salestarren heziketa ereduan oinarritutako elkartea da. Aisialdiaren bitartez, gazteen interes, kezka eta behar sakonenei erantzuten diete baliabide pertsonal, kultural eta sozialekin, askatasunean, erantzukizunean eta begirunean oinarritutako giro batean. Alai Batzak bere xedeari eusten dio modu boluntarioan egiten den lanari esker.

Larunbatean eta ostiral gauean irekitzen da lokala, eta, gazteak alai egoteko asmoarekin, hainbat jarduera antolatzen dituzte. Alde batetik, larunbatean, ume gehiago egoten denez, patioko jolasak, tailerrak, kontsolako jokoak, billarra, ping-ponga eta beste hainbeste jarduera egiten dituzte. Ostiral gauean, berriz, telebistako programak egiten saiatzen dira, eta, besteak beste, Zortearen Erruleta, Password, Mihiluze eta horrelako txapelketak jokatzen dituzte. “Momentu politak igarotzen ditugu”, adierazi dute bi koordinatzaile gazteek.

Gazte Klubaren koordinatzaile Arteagak, berriz, gazteak asko aldatu direla esan du. Dioenez, asko aldatu da euren artean komunikatzeko duten modua: “Haien errutina edo sozializatzeko modua asko aldatu da, eta askok nahiago dute lokalean egon. Eta horregatik ari gara beste ekintza edo dinamika batzuk prestatzen, haien nahien edo gogoen arabera. Sozializatzeko modu bat da Alai Batza, eta ez soilik umeek euren adinekoekin sozializatzekoa; zaharragoekin edo gazteagoekin ere sozializatzen dute”, dio gazteen koordinatzaileak. Askotan, dinamikak ez dira eurek nahi dutena; lasaitasuna eta lagunartea lortu nahi izaten dute. Horregatik, azkenaldian aldaketak egiten ari dira, eta aldaketa horietako bat Zineforuma izan da. Zineforumaren ondoren, euren artean pelikula komentatzeko eta lagunartean solasaldia izateko aukera izaten dute. Dinamikez gain horrelako ekintza gehiago antolatuko dituztela adierazi dute. “Ume bakoitza mundu bat da, eta ezin dugu une oro aurkitzen duten guztia momentuan eman. Berrikuntzak egiten gabiltza, eta momentuz ondo doa”, azpimarratu du Arteagak.

Larunbateko eta ostiraleko ekintzez gain, aisialdi taldeak urte osoan beste hainbat jarduera eta irteera egiten ditu; besteak beste, urtarrilaren 31n, Don Bosco eguna ospatzen dute. Esan daiteke Don Bosco dela horren guztiaren sortzailea. Horrez gain, inauteriak, Andre Maria Laguntzailearen eguna, familien festa, beste salestar etxekoekin egiten den topaketa, gazteen elkarketa, Barakaldoko Gabonetako haur parkerako irteera eta abar ere antolatzen dituzte.

Aurten, 30. urteurrena dela eta, urtarrilean festa berezia egin zuten, eta apirilean bazkari edo afari bat egingo dute. Alai Batzan ibilitako begirale guztien elkarketa izango da, ospakizun handia inondik ere. Seguruenik Floreaga Ikastetxean ospatuko dute festa.

 

Koldo Calvo, Iosu Irizar eta Amaia Arteaga koordinatzaileak

“Txikitatik gaude hemen, eta 14-13 urte inguru daramagu mundu honetan sartuta. Oso ondo pasatzen da, eta etapa desberdinak bizitzeko nahia zela-eta sartu ginen begirale. Boluntarioa baldin bada ere, hemen ikasten denak eta bizitzen denak ez dauka preziorik. Momentu politak igarotzen dira eta izugarrizko esperientzia da. Bizitzarako laguntzen du, eta pertsona moduan hazteko ere balio du. Ezeren truke jasotako hori eman nahi dugu, eta begirale izateak hori errazten digu: eman ezeren truke, ezeren truke jaso zenuen hori. Egia da boluntario izateak denbora asko kentzen duela, baina nabariagoa da ematen duen alaitasuna kentzen duen denbora baino”.

Zergatik etortzen zara Alai Batzara? Zer gustatzen zaizu gehiena? Ongi pasatzen al duzu?

Maren Casas, 13 urte (1. DBH)

Lagunekin ondo pasatzen dalako eta earra dalako. Gehixena gustatzen zatena lehiaketak die, eta hoixetako bat karnabaletako disfraz lehiaketie da. Kanpamentota jutie ere asko gustatzen zat, eta edadin arabera izeten da Somalo eo Logroño. Ni normalin Logroñoa jun izen naiz. Oso ondo pasatzen da, eta gustoa etortzen naiz.

Marta Gogorza, 12 urte (1. DBH)

Ba, lagunekin etortzen naiz eta ondo pasatzen det. Gehixena tailerrak, futboline, lehiaketak eta ginkana gustatzen zaizkit. Kanpamentota jutie ere asko gustatzen zat, ze beste tokixetako jendikin eoten gea, eta oso earra da. Oso ondo pasatzen det, bai zapatutan bai da ostireletan.

June Larrañaga, 13 urte (2. DBH)

Ba, ondo pasatzen detelako eta egualdi txarra eitten duneako toki earra dalako. Gainea, ez zealako zure edadekukin bakarrik eoten; txikixouekin eta zaharrouekin eoteko aukerie daukezu, eta monitorikin eotie ere oso earra da. Gehixen gustatzen zatena da ez zeala aspertzen, ze beti dao zeoze diferentie eitteko. Oso ondo pasatzen da, eta gustoa eta pozik etortzen naiz.

Naroa Alberdi, 14 urte (2. DBH)

Ondo pasatzen det lagunekin eta hemen eoten, eta kalin aspertu eitten banaiz, ba etorri eitte naiz eta hobeto pasatzen det. Eitten dien irteerak asko gustatzen zaizkit, eta ekintzak ere bai. Oso ondo pasatzen dan toki bat da Alai Batza.

Andrea Redondo, 13 urte (2. DBH)

Ba, lagunekin eoteko toki earra da, ze beti dao zeoze eitteko, eta oin negun hau baino toki hobiok ez dao jendikin eoteko. Gehixena gustatzen zatena kanpamentuk die. Bertan beste herrixetako jendie ezagutzeko aukerie dao, eta orokorrin oso ondo pasatzen da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide