Laburbira, martxoaren 31n

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 27a, 10:00

Euskaltzaleen Topagunearen euskarazko film laburren zirkuitua, Laburbira, martxoaren 31n iritsiko da Azkoitira. XIV. edizioa da aurtengoa, eta zortzi film labur berezi eskainiko dituzte 32 herritan zehar.

Martxoaren 3an hasi zen Laburbiraren zirkuitua Azpeitian, eta apirilaren 7an bukatuko da Igorren. Euskarazko film laburrak eta haien egileak ezagutaraztea da Laburbiraren helburu nagusia.

Euskal Herriko eta atzerriko 32 herri eta hiri zeharkatuko ditu zirkuituak XIV. edizio honetan. Korrika batzordeak antolatuta, Azkoitira martxoaren 31n iritsiko da. Baztartxo antzokian 22:00etan eskainiko dituzte film laburrak.

Aurkeztutako 22 lanetatik zazpi film labur aukeratu dituzte antolatzaileek aurtengo edizio honetarako: Oier Fuentesen Azken Saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA Filmsen 280º eta Kepa Sojoren Hileta. Hori guztiaz gain, EUSPOT lehiaketako spot onenak ikusteko aukera ere izango da Laburbiran.

Aurtengo Laburbira, gainera, berrikuntza batekin dator: lehiaketa bat egingo dute, film laburrak ikustera joaten direnen artean. www.kameratoia.eus webgunean jarriko dute irudi bat "LABURBIRA 2017. Ikusleentzako lehiaketa" dioena. Han klikatuta, bost minututan, jendeak bere iritzia eman ahalko du eta Euskal Herriko nekazal turismo batean bi gaueko egonaldia zozketatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide