Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpena irakurri dute

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 8a, 11:32
Nekane LarraƱaga Berdintasun zinegotziak irakurri du adierazpena.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpena irakurri dute udaletxeko areto nagusian. Udalak erabaki guneetan ordezkaritza orekatua eta berdintasunezko parte-hartzea aldarrikatu du. Nekane Larrañaga Berdintasun zinegotziak otsaileko ohiko udal bilkuran aho batez onartutako adierazpen instituzionalaren irakurketa egin du, aldarrikapena eta Udalaren konpromisoa ezagutarazteko. Hemen duzue adierazpena irakurgai:

 

Martxoak 8: Ordezkaritza orekatu baterako 8 printzipio

 

“Emakume gutxi daude ordezkatuta udal mailan erabakiak hartzeko guneetan, eta tokiko politikan sartzeko eta berdintasunezko parte-hartzerako arazo espezifikoei aurre egin behar izaten diete”. Hori jaso zuen Inger Lingek[1] Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeko Agintarien Kongresuaren 31. saioan aurkeztutako txostenean. Kongresua urriaren 20an egin zen, eta emakumeen tokiko eta eskualdeko parte-hartze eta ordezkaritza politikoari buruzkoa izan zen.

Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da. Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunean horrelaxe baieztatzen da, eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan.

Neurri horien artean, Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen 23. artikuluak xedatzen duenez, “euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte”. Aipatutako Lege horretan, profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatuari buruz hitz egiten da. Horretarako, zuzendaritzako organoetan emakumeen presentzia areagotzea ahalbidetzen duten neurrien arabera dagozkien diru-laguntzak egokitu ahal izango dituzte, eta ezin izango diete inolako laguntzarik eman hautaketa-prozesuan edo lan-jardunean sexua dela-eta bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeei.

 

Udalgintzan, EAEko udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak, eta euskal herritarren %18,82 ordezkatzen dute. 2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere.

Euskadin gehiengoa duten sindikatuen artean, batean soilik dago emakume bat Idazkari Nagusi; era berean, Euskadin egoitza duten erakunde finantzarioetako batean ere ez dago emakumezko lehendakaririk, eta erabakitzeko organo garrantzitsuenetan %22,6 soilik dira emakumeak.

 

 

Elkarteetako emakume eta gizonen parte-hartzeari buruzko ehunekoei dagokienez, generoko ezberdintasun nabaririk izan ez arren, tradizioz rol femeninoa duten elkarteetan gehiago dira emakumeak: hezkuntza, erlijio, garapenerako lankidetza eta gizarte-laguntzako elkarteetan. Kirol, politika, sindikatu, lanbide, arte eta herritarren esparruko elkarteetan, aldiz, nagusitasun txikiagoa dute.

Bestalde, emakumeen elkarteek, oro har, aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua izan ohi dute udal politiketan.

 

Egoera horren jakitun, AZKOITIKO UDALAK Txosten europarreko gomendioak eta Emakumeek eta Gizonek Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak onartzen ditu, baita emakume eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak ere, honako honetarako konpromisoa hartzeaz gain:

1. Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea, betiere, sexu batek ere ez dezan izan %40tik beherako ordezkaritza (emakumeen parte-hartzea sustatzeko egitura espezifikoetan izan ezik).

  1. Zenbait mekanismo ezartzea, hautatutako emakume ordezkariak eskumen-banaketa edo funtzio-esleipen estereotipatuen edo bestelako diskriminazio- edo jazarpen-moduen eraginpean izatea eragozteko.
  2. Parte-hartzea eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, ordutegien eta lan-metodoen eta herritarrei laguntzeko sistemen bidez.
  3. Sexuaren arabera bereizitako estatistikak jaso, bideratu eta publiko egitea, itxura sistematikoa emateko, tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egin eta analisi horren araberako neurri zuzentzaileak ezartzeko.
  4. Emakumeen parte-hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzea, hala nola, emakumeen etxeak, jabekuntza eskolak edo udal berdintasuneko kontseiluak, eta, besteak beste, emakume hautetsientzako ‘Virginia Woolf Basqueskola’ jabekuntza-eskolako programan parte har dezaten ahalbidetzea.

6. Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea modu inklusiboan, batez ere, gutxiengoen taldeko kideak diren emakumeei dagokienez.

  1. Udalerrian gauzatzen diren parte-hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzen dutela bermatzea.

8. Udaletako berdintasun sailetan eta gainerako udal sailetan neurri horiek gauzatu ahal izateko baliabide nahikoak jartzea.



[1]                                                                     Inger Linge Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeko Agintarien Kongresuko genero berdintasunerako bozeramailea da.


 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide