Joanes Balenciaga Spainskills lehiaketarako sailkatu da

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 21a, 10:49
Joanes Balenciaga.

Eibarko Armeria Eskolako Joanes Balenciaga ikasle azkoitiarrak martxoan Madrilen izango den Spainskills 2017 lehiaketan parte hartuko du, Kontrol Industrialaren arloan. 

 

Automatizazioa eta Robotika Industriala zikloko bigarren mailako ikaslea da Balenciaga, eta lehiaketan erabiliko dituzten ekipamendu teknologikoetan prestakuntza espezifikoa egiten ari da. Kontrol industrialeko teknikariek automatizazio industrialarekin lotutako punta-puntako teknologiekin egiten dute lan: automata programagarriak, frekuentzia-erregulagailuak, ikuskapen-sistemak, kaxa elektrikoak, eta abar.

Lehiaketan arlo bakoitzeko gaitasunak erakutsi eta baloratuko dituzte, lan praktiko baten bitartez (Test Project), eta lan horrek lehiakideen prestakuntza agerian utziko du.

Lehiaketa horretan aurrez autonomietan egindako EuskoSkills txapelketetako irabazleek hartzen dute parte. Aldi berean, maila nazionaleko irabazleek WorlSkills deiturikoan hartuko dute parte; aurten urrian izango da Abu Dhabi-n.

Trebetasun lehiaketa nazional hori Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen eta sustatzen du, bi urtez behin. Lanbide Heziketaren dibulgaziozko tresna baliotsuak eta ikasleak, irakasleak zein enpresak estimulatzeko baliabidea da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide