Inazio Iriarte kalean errepidea eta espaloia berrituko dituzte

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 20a, 11:00
Inazio Iriarte kalea.

Gaur, astelehena, hasi dira Inazio Iriarte kaleko errepidea eta espaloia berritzen. Lanek pare bat hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute arduradunek.

 

Estrada kalean norabide aldaketa

Errexil taberna aldetik Inazio Iriarte aldera hartzen duten ibilgailuek gorantz, Estrada kalera, jarraitu beharko dute. Horretarako, Estrada kalearen zati horretako norabidea aldatuko dute.

Miguel Angel Bastida zinegotziak eta Arturo Garate udal arkitektoak azaldu dutenez, lanak bi fasetan banatuko dituzte. Lehenengo fasean, Ospeletxe eta Inazio Iriarte kaleko 23. zenbakiraino berrituko dute bidea, eta bigarren fasean, Ospeletxetik Atraskua tabernara doan zatia.

"Bigarren fasea da konplexuena", eskola ingurunea delako eta ikastolako sarrera-irteera orduetan jende asko pasatzen delako. Horregatik, Arturo Garateren hitzetan, eragozpenak murrizte aldera, Aste Santuko bi asteetan lanak aurreratzen saiatuko dira, alegia, ikasleen opor egunetan. 

 

Bizilagunekin bilera

Udaleko hirigintza arduradunak bizilagunekin elkartu ziren joan den astean, obren nondik-norakoak azaltzeko eta izan zitzaketen zalantzak eta galderak argitzeko.

Behin berritze lanak bukatuta, kaleak bi metroko espaloiak izango ditu alde banatan eta bide-zorua kota berean egongo da, bizilagunekin adostuta bezala.

Lanek irauten duten bitartean, bizilagunek bereizgarri bat izango dute Plaza Berrin edo Joseba jatetxe aurreko aparkalekuan arazorik gabe aparka ditzaten ibilgailuak.

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide