Hondakin bilketarako zintzilikarioak kenduko dituzte

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 17a, 15:43

Datorren asteartean hasiko dira sistema mistoa ezarri eta errefusa jasotzeko ipini ziren zintzilikarioak kentzen. Pare bat aste beharko dira denak kentzen.

 

Orain arte zintzilikarioak desagertu ez diren arren kaleetatik, udal gobernuak 2015eko urrian edukiontzi grisak ezartzeko agindu zuen birziklagarriak ez diren hondakinentzat, ontzi marroira eta horira botatzen ziren material desegokien kopurua murrizte aldera. Alegia, materia organikoa eta ontzi arinak birziklatu ahal izateko, bestelako hondakinekin nahasi gabe.

Ordutik hondakinak botatzeko bost edukiontzi daude, eta beraz, oro har zintzilikarioak kentzeak ez du aldaketa nabarmenik ekarriko praktikan. Hala ere, oraingoan, zintzilikarioekin batera fardelentzat jarritako edukiontziak ere kendu egingo dira. Hemendik aurrera, pixoihalak edukiontzi grisera bota beharko dira, errefusarekin batera. 

Bestetik, pare bat hilabeteren buruan edukiontzi marroiak aldatu egingo dira,  edukiera handiagoa duten beste berri batzuk ipiniz. Behin edukiontziak aldatutakoan, Udalak kanpaina bat abiatuko du herritarrek ez dezaten zalantzarik izan hondakinak bereizterakoan.

Bilketa sistema alde batera utzita, helburua betikoa da: urtez urte bereizketa portzentaiak igotzea, gizartearen kontzientziazioari eta konpromisoari esker.

Orain arte bezala, Udalak hondakinak modu egokian bereiztearen garrantzia azpimarratzen jarraituko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide