'Esperientzia oso positiboa ari da izaten, merezi izan du'

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 17a, 10:38
Bego Elorzak eta Igor Blancok haur bat hartu dute harreran.

Hainbat arrazoi direla medio, Gipuzkoan 313 haur daude harrera zentroetan bizitzen. 0 eta 18 urte bitarteko nerabeak dira, eta askok familia bat behar dute, beren zaintzaren eta heziketaren kargu egingo dena. Azkoitian hainbat harrera familia daude, eta horietako bat Bego Elorza eta Igor Blancorena. 2016ko apirilean batu ziren proiektura, eta egun haur bat dute harreran, modu iraunkorrean hartuta. 

 

Hona hemen euren esperientzia:

"Guk beti hitz egin izan dugu honen inguruan, beti egon gara prest. Momentua aurkitu behar duzu horretarako, eta iritsi zaigu.

Prozesuak luze jotzen zuela esan ziguten, baina gure kasuan azkarra izan da: izena eman eta berehala jaso genuen haurra. Familien beharra dago, umeak familien zain daude. Hasieran egoera diferenteetan eta egoera gogorrenetan jartzen gaituzte elkarrizketetan, zer gerta daitekeen aurreikusteko. Gerora, etxera etortzen dira, eta gure seme-alabei galderak egiten dizkiete. Galdera deserosoak ere izaten dira, galdera pertsonalak egiten dituztelako. Ezagutzen ez duzun pertsona bati ireki behar zatzaizkio, baina, azken batean, zu ondo ezagutzeko modu bakarra da, eta normaltzat jo behar da. Haur bat familia baten eskuetan uzten dute, eta jakin egin behar dute familia horren berri, egoera berezi batean dauden haurrak direlako. Azkenean, iristen da momentua balekoa zarela esaten dizutena.

Umea hartu aurretik, ezaugarri gutxi batzuen berri ematen dituzte: neska edo mutila den, zer adin duen… Ez dute argazkirik erakusten, ordea, eta ez dakigu nolakoa den. Datu gutxi batzuk bakarrik ematen dituzte, eta haren familia biologikoaren inguruko azalpen laburra ere ematen dute.

Bi hilabete eta erdirekin hartu dugu haurra, eta bi hilabete daramatzagu harekin. Guk eskaera zehatza egin genuen: gure bi alaben adina ikusita, garbi genuen 2 urtetik beherakoa nahi genuela, haurrak oraindik ez duelako bizipenik izan. Gure alabak, berriz, beren garaia bizitzen ari dira, eta 5-6 urteko haur bat ekartzeak karga ekarriko ziela pentsatu genuen. Ez dugu gure bi alaben egonkortasuna kolokan jarri nahi izan. Bestalde, gure alabek lehen momentutik zekiten gure asmoen berri. Guk natural jokatzen laguntzen badugu, normal joango da dena.

Familia biologikoarekin bisitak izaten ditu astean behin. Familia biologikoaren egoera hobetzen bada, eta ikusten badute umeari hezkuntza eta egonkortasuna emateko gai dela, haurra haiekin itzul daiteke. “Eta gero bueltatu beharko duen garaian, zer?”, entzuten da askotan. Bakoitzak bere egoera du, baina guk geuk baditugu bi alaba. Bueltatu behar badu, poztu egingo gara, familia biologikoaren egoera hobetu den seinale izango delako. Pentsatuko dugu haurrak bitartean familia baten berotasuna izan duela behintzat, bestela zentro edo pisu batean egon behar baitu. Gainera, hasieratik uzten dute garbi hori, ez dela adopzioa; helburua haurra itzultzea da. Itzultzeak pena emango digu, noski, lotura bat baitugu. Azkenean, beste haur bat da guretzat, nahiz eta kontziente izan haren gurasoak hor daudela.

Esperientzia oso ona ari da izaten, merezi izan du. Egia da gure alabak hazi egin direla eta gaueko negarrak ahaztuak genituela [barrez]. Oso haur lasaia eta alaia da. Oraindik dena positiboa ari da izaten.

Guk beti eduki dugu horretarako asmoa. Nik [Bego Elorza], irakaslea naizenez, egoera desberdinak bizi izan ditut lan egin dudan inguruneagatik, eta nolabaiteko enpatia sortzen da. Ikusten da ume bat egoera jakin batetik atera daitekeela, eta haren etorkizuna hobetzen saiatzen gara.

Umea hartzen duzun lehen momentu hori ez da zeure umea jaiotzea bezainbestekoa, baina ia-ia bai. Zain-zain egoten zara bederatzi bat hilabetez, eta haurrari aurpegia jarri nahi diozu".

Gainerako Azkoitiko harrera familien testigantzak irakurri nahi izanez gero, hona hemen aldizkaria sarean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide