Udane Juaristi artistaren "URBANue III" erakusketa Irungo Gaztelekun

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 16a, 10:36
GBB

Udane Juaristi artista azkoitiarraren "URBANue III" erakusketa ikusgai egongo da datozen egunetan Irungo Gaztelekun (Martindozenea Elizatxo, 18). "Udatxo"-k, bihar, otsailaren 17an, 19:00etan inauguratuko du erakusketa, eta martxoaren 17ra arte egongo da zabalik, asteartetik larunbatera, 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doan izango da.

 

Gazteartean Expo erakusketaren barruan aurkeztuko ditu bere lanak Udane Juaristi "Udatxo" artistak. Honela dio artistak: "Kalea da nire inspirazio iturri. Bertan aurkitutako istorioek, margotzeko gogoa pizten didate. Pinturaren bitartez sortzen dut nire ametsetako mundua. Koadernoan gordetako irudiekin eraikiz, lientzo hutsak, kolore biziko obrak bilakatzen ditut. Honela sortzen dut nire istorio URBANue…".

Gazteartean ekimena gazte sortzaile, artista, ilustratzaile eta argazkilarien artean hautatutako talde batekin lan egiteko programa bat da duela hilabete batzuetatik, eta helburua da haiekin batera ezagutu, garatu eta lantzea barruko alderdi sortzailea eta artistikoa. 

Gainera, artistak zuzenean lan batzuk egingo ditu astebetez, hiriko toki desberdinetan. Beraz, nahi duenak ikusi ahal izango du nola lan egiten duen artistak.

Bestalde, erakusketa amaitu eta astebetera, Juaristik mural bat egingo du Irunen. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide