"Desoxirribonukleikoa" antzezlana zapatuan, Baztartxon

Zapatu honetan Baztartxo antzokian, 22:00etan, Desoxirribonukleikoa komedia zientifiko musikala eskainiko dute. Maxixatzen euskara elkarteak bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu bere bazkideen artean, Udalaren laguntzarekin. Zozketan parte hartzeko bidali mezu bat maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera, izen-abizenak eta telefonoa idatzita. 

 

Sinopsia

Genetika-laborategi batean gertatzen den komedia zientifiko musikala da. Sekretupean, euskal genoma ikertzen ari dira bertan. ADN eraldaketaren bitartez, Beñarda Etxepare sortu berri dute, lehen euskal super emakumea. 

Ezkutuko proiektua primeran doanean, kazetari misteriotsu baten bisitak hankaz gora jarriko ditu ikerketa bera eta baita zientzialarien arteko harremanak ere. 

Bizitzarako ikerketa-lekua den honetan, zalantzan jarriko dira morala, pasioaren jatorria eta kode edo molekulez ulertzen ez duten jelosia zein bekaizkeria. Nahaste-borraste korapilotsuen ondorioz, egia eta gezurraren arteko muga desagertuko da.

Komedia honek umorez jorratuko du zientzia eta kantuz taularatuko ditu giza harremanak. Esketx bidez, zientzia-alorrak parodiatuko dira eta, antzerki musikalaren bidez, klonatutako persona, mediku, zientzialari eta beste zenbait gezurtiren arteko harreman eta gaizkiulertzeak garatuko dira.

Zientziak eta maitasunak ondorioztatuko dute ezer eta inor ez dela benetan dirudien hori. Baina zalantza nagusia argitzeke geratuko da betiko: posible ote da euskal pasioa eta harremanak genetikoki eraldatzea?

Larunbateko antzerkirako sarrerak Baztartxon egongo dira salgai egunean bertan, 8 eurotan.

Bestalde, Goazen! musikalaren bi emanaldi eskainiko dira martxoaren 17an, eta sarrerak datorren astelehenean, otsailaren 6an, jarriko dituzte salgai Baztartxon, 18:00etatik 19:30era bitartean. Emanaldiak, martxoaren 17an, 18:00etan eta 20:00etan izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide