maxixatzen.eus

Azkoitiko gazteen alkohol eta droga kontsumoarekin kezkatuta azaldu dira zenbait guraso

  Gizartea  Azkoitia

Nabarmena da azken boladan kaleko edana asko hazi dela herrian, eta horrek, besteak beste, zenbait gurasoren kezka areagotu du. Horren harira, batez ere, gazteen gehiegizko alkohol eta droga kontsumoarekin keztatuta dauden herriko guraso talde bat bildu berri da. Pasa den astean, talde horrek sinadura bilketa abiatu zuen herritar gehiagoren babesa lortzeko. Horrez gain, Udalari zuzendutako gutun bat ere idatzi dute, eta datorren astelehenean aurkeztuko dute udaletxean. Gutun horretan azaltzen da, besteak beste, alkohola edateagatik konorterik gabe zeuden adin txikiko zazpi gazte artatu behar izan dituztela larrialdi zerbitzuek azken hilabeteetan.

Azkoitiko gazteen alkohol eta droga kontsumoarekin kezkatuta azaldu dira zenbait guraso
Joan den zapatu gaueko parrokiko arkupetako irudia. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Guraso taldeak Udalari aurkeztuko dion gutuna

 

Azkoitiko alkate jauna:

Azkoitiko adin txikikoen guraso talde bat gara, eta zuregana zuzentzen gara Azkoitian gazteen artean ematen ari den aldaketa dela eta.

Esaterako, aurten alkohola edateagatik konorterik gabe zeuden adin txikiko zazpi gazte artatu behar izan dituzte larrialdi zerbitzuek.

Ukaezina da gure seme alabekin etxetik hasi behar dugula hezitzen, eta, era berean, eskoletako hezitzaileekin batera egin behar dugula lana, baina idatzi honen bidez Udalari azaldu eta exigitu nahi diogu dituen baliabideak erabiliz, gaur egungo legea betearazi dezala, eta horretarako, behar izango balu, beste erakundeei ere laguntza eskatzea.

Gustatuko litzaiguke honako puntu hauek kontuan izatea:

1.-EDUKIERA: bezeroen segurtasuna bermatzeko, lokal bakoitzaren edukiera betetzea.

2.-TABAKOAREN KONTRAKO LEGEA: indarrean dagoen legea (42/2010 legea) betetzea eta arau-hausleari zigorrak jartzea.

3.- ADIN TXIKIKOEI ALKOHOLA SALTZEA DEBEKATZEA: Jakitun gara zigorgabetasun osoz gaueko lokal batzuetan saltzen dela. (Udal ordenantza)

4.- ESTUPEFAZIENTEEN SALMENTA KONTROLATZEA ETA ZIGORTZEA: Dakigunez, Azkoitian ohikoa da “ trapitxeoa”.

5.-AlKohol kontsumitzaileak identifikatzea, eta kale edaneko generoa erretiratzea eta aztertzea nola

zigortu.

6.- PREBENZIOA bultzatzeko lantaldea sortzea honako talde hauen artean: Gurasoak, Eskolak, Udala

eta Gaztedi Zerbitzua.

Aldez aurretik gure esker ona adierazten dugu, badakigulako idatzi honek harrera ona izando duela. Era

berean, jakitun gara gaur egungo herria eta batik bat gure gazteen etorkizuna Udalaren lehentasunezko ardura dela. 

Horrez gain, guraso taldeak argi utzi nahi izan du ekimen hori ez dela "inolaz ere tabernen eta tabernarien aurkakoa". Tabernetan alkoholaren eta tabakoaren "legea betetzea bakarrik" eskatzen dutela. 

Azkenik, ekimen horri babesa emateko sinatu nahi duten herritarrek Ñam-ñam gozoki dendan eta Albizuri iturgintzan dute horretarako aukera.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Nere ustez hau "balones fuera" ettie da, etxetik asi ber deu ejenplue ematen. Guk poteatzea erten ta...txakoliñe, zerbeza, kriantza, marianituk...baten batek ure o alkolipeko erari bat eskatzeunin, ze komentaxo attu ber izetettube???
Ez al dixou geuk erakusten zeoze zelebratzeko alkola eran ber dala???
Gaztiek, azkenin, ikustebena ettebe...danok izen gea gaztik.

Erantzuna | #2

Holako neurrixek jartzie alper alperrik da, gaztik eztebe azkottin bakarrik ertetzen, ta hamen etten ez utziezkeo beste nunbatten ingobelako. Holako kezkak baldimadaude hobe deu esfortzue prebenitzen ta hezten jartzie, drogak (alkola barne) beti hor eongoielako guri gustau o ez, ta hauen aurrin ondo erantzuten ikastiek hamen, Azpettin, Donostin ta Txinan balixo izengoxo gure gaztiei.

Erantzuna | #3

Eliz ataxe ala ikullue?

Marianitue eskau berrin mosto hartu, ikastolan alkolai buruzko tallerrak antolau, umie deporte matea apuntau, pintxo potea ez erten... Gaztingan alkolan kontsumue jaixteko prebentzixo neurri hoxek teorixen berrezkuk die, praktikan ikusi ein ber.

Erretato hori ikusitte ordie, alkolan problemie bakarrik daola iruitze al zauzte? Zapaturo eliz ataxen sortzean narrazkexe oso nabarmena ta penaarrixe da. Gaur egun eztao errespetoik ez baloreik. Harrigarrixe da denpora gutxixen balorik ein deben beherakadie. Kuxidade hori herri erdixen daon parrokixe bezelako instituzixo baten laatziez aparte, iñok eztu eze etten hori konpontzeko. Merixuk alboko tabernan partidue ikusiyez helaue lasai askoik jateben bittertin, gaztik danan begi bisten eraten ta erretzen ai diz. Zeba eztebe beaxen bebarrun eo gurasun etxin etten?

Situaixo hau lotsaarixe da. Ein daigun faorez bakoitzek bere lana, hortako paatzettou ta hainbeste inpuesto. Herrixe hola eukitzen ameitzeunak kalie holako zikin lagatzeunan aineko edukaixo gutxi dauke.

Erantzuna | #4

Belarralepokin guztiz ados nao etxetik hasi ber deu lelen ta tabernatik taberna ibilli berrin , Loiola aldea pasira gexo.Oiñ...ze pasatzea etxin tabernaik zapaltzen ez deunak bagea eta halare seme alabak alkolakin esperimentatzen ikusten dittouenin??? Esan nahi detena da ez dala beti ejenplue emanda dana lortzen. Ni alkolan guztiz kontrakue naiz bañe nere seme alabak edan ettebe. Ze ettea holakotan??? Aguantau ta soziedade hau madarikau!!

Erantzuna | #5

Aurrez aipatutako guztiari (zikinkeria, kontsumo gehiegikeria) beste arazo bat gehitu nahi diot. Erdikalean sortzen den zarata. Tabernak insonorizatzeko legea betetzeko eskatzea ondo dago, baina zer gertatzen da kalean?
Erdikalean bizi gara eta ernegagarria da larunbatero jendearen zaratarekin esnatzea. Tabernako bolumen berdinean edo altuagoan hitz egiten du jendeak kalean. Horri gehitu: oihuak, txistuak, aldaba jotzea...
Parrandan dabilenak parrandan ibiltzeko eskubidea duen bezala, lo egin nahi duenak lo egiteko eskubidea du eta hori errespetatzen ere jakin beharko genuke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa