Azkoitiko gazteen alkohol eta droga kontsumoarekin kezkatuta azaldu dira zenbait guraso

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 21a, 16:17
Joan den zapatu gaueko parrokiko arkupetako irudia.

Nabarmena da azken boladan kaleko edana asko hazi dela herrian, eta horrek, besteak beste, zenbait gurasoren kezka areagotu du. Horren harira, batez ere, gazteen gehiegizko alkohol eta droga kontsumoarekin keztatuta dauden herriko guraso talde bat bildu berri da. Pasa den astean, talde horrek sinadura bilketa abiatu zuen herritar gehiagoren babesa lortzeko. Horrez gain, Udalari zuzendutako gutun bat ere idatzi dute, eta datorren astelehenean aurkeztuko dute udaletxean. Gutun horretan azaltzen da, besteak beste, alkohola edateagatik konorterik gabe zeuden adin txikiko zazpi gazte artatu behar izan dituztela larrialdi zerbitzuek azken hilabeteetan.

 

Guraso taldeak Udalari aurkeztuko dion gutuna

 

Azkoitiko alkate jauna:

Azkoitiko adin txikikoen guraso talde bat gara, eta zuregana zuzentzen gara Azkoitian gazteen artean ematen ari den aldaketa dela eta.

Esaterako, aurten alkohola edateagatik konorterik gabe zeuden adin txikiko zazpi gazte artatu behar izan dituzte larrialdi zerbitzuek.

Ukaezina da gure seme alabekin etxetik hasi behar dugula hezitzen, eta, era berean, eskoletako hezitzaileekin batera egin behar dugula lana, baina idatzi honen bidez Udalari azaldu eta exigitu nahi diogu dituen baliabideak erabiliz, gaur egungo legea betearazi dezala, eta horretarako, behar izango balu, beste erakundeei ere laguntza eskatzea.

Gustatuko litzaiguke honako puntu hauek kontuan izatea:

1.-EDUKIERA: bezeroen segurtasuna bermatzeko, lokal bakoitzaren edukiera betetzea.

2.-TABAKOAREN KONTRAKO LEGEA: indarrean dagoen legea (42/2010 legea) betetzea eta arau-hausleari zigorrak jartzea.

3.- ADIN TXIKIKOEI ALKOHOLA SALTZEA DEBEKATZEA: Jakitun gara zigorgabetasun osoz gaueko lokal batzuetan saltzen dela. (Udal ordenantza)

4.- ESTUPEFAZIENTEEN SALMENTA KONTROLATZEA ETA ZIGORTZEA: Dakigunez, Azkoitian ohikoa da “ trapitxeoa”.

5.-AlKohol kontsumitzaileak identifikatzea, eta kale edaneko generoa erretiratzea eta aztertzea nola

zigortu.

6.- PREBENZIOA bultzatzeko lantaldea sortzea honako talde hauen artean: Gurasoak, Eskolak, Udala

eta Gaztedi Zerbitzua.

Aldez aurretik gure esker ona adierazten dugu, badakigulako idatzi honek harrera ona izando duela. Era

berean, jakitun gara gaur egungo herria eta batik bat gure gazteen etorkizuna Udalaren lehentasunezko ardura dela. 

Horrez gain, guraso taldeak argi utzi nahi izan du ekimen hori ez dela "inolaz ere tabernen eta tabernarien aurkakoa". Tabernetan alkoholaren eta tabakoaren "legea betetzea bakarrik" eskatzen dutela. 

Azkenik, ekimen horri babesa emateko sinatu nahi duten herritarrek Ñam-ñam gozoki dendan eta Albizuri iturgintzan dute horretarako aukera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide