Iban Garciaren testigantza Aizu! aldizkarian

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 17a, 11:40
Iban Garcia.

Iban Garcia Azpiazu (Azkoitia, 1999) duela sei urte inguru hasi zen bideoak Youtubera igotzen. Etxean, ordea, hiru bat urte geroago ezagutu zuten semearen zaletasuna, amak lantokian entzun zuenean Gaztea Irratian egin zioten elkarrizketa. Denborarekin, Youtubek telebista eta irratirako bidea ireki dio. Hona hemen Aizu! aldizkarian Garciari egindako erreportajea:

 

Iban Garcia: "Euskara oraindik ere ez dago behar bezala zabalduta sarean"

 

Garciak batez ere bi kanaletan zabaltzen ditu bere bideoak: DespertaVlogs izenekoan, gaztelaniazko edukiak; eta Desperta-VlogsEUS-en, euskarazkoak. Aurrenekoan ia 50.000 harpidedun ditu, Mexiko eta Hego Amerikakoak barne; euskarazkoan, berriz, bi milatik gora. Gaztelaniazkoan, astero saiatzen da bideo berri bat jartzen, baina bestea nahiko geldirik dauka azken boladan“Denbora asko behar izaten dut bideoa egiteko, baina gaztelaniaz berri bat igotzen dudanean, jendearen erantzuna berehalakoa izaten da. Euskarazkoan, aldiz, ez dut mugimendu handiegirik nabaritzen. Ez diot errentagarritasun handirik ikusten bideo bat egiten horrenbeste denbora emateari, gero hain jende gutxik ikusteko. Halere, tarteka igotzen dut baten bat”. EITB arlo horretan euskara sustatzen “saiatu” dela dio, “lehiaketa bidez eta, baina ez dut uste ondo funtzionatu duenik. Gu ta Gutarrak saioari esker, euskal gazte asko ari dira mugitzen Interneten, baina euskara oraindik ere ez dago behar bezala zabalduta sarean”. Halere, Garciak igotako euskarazko bideo batek hogeita hamar mila ikustaldi baino gehiago izan ditu, eta aitortzen du gaztelaniazko kanalean zerbait euskaraz agertuz gero, ikusleen interesa piztu egiten dela: “Galdetu ere egiten dute, eta harpidedun euskaldunek eran-tzuten dute batzuetan. Orain, azpitituluak jartzen ditut. Oso aberasgarria da jendea euskararengatik interesatzea; are gehiago, badakit pertsona batzuk euskarazko kanalean sartu eta zerbait ulertzen saiatzen direla”.

 

Publizitate alorrean ere badu eskarmentua dagoeneko: “Berrogei mila harpidedun nituenean hasi ziren marka batzuk nirekin harremanetan jartzen, publizitatea egiteko. Askotan, dena den, hori ez da dirutan ordaintzen. Kobratuta, gauza gutxi egin dut, bizpahiru kanpaina baino ez”. Izan ere, Garciak nabaritu du eragina duela jarraitzaileengan: “Askotan galdetzen didate non erosi ditudan logelako irudiak edo soinean daramadan arropa. Amari ere batek baino gehiagok esan omen dio youtuberra izan nahi duela, ni bezala. Agian, ni pertsona arrunta izateak bultzatzen ditu beste batzuk ‘nik zergatik ez?’ pentsatzera. Bitxia iruditzen zait eta poza ematen dit, baina bertigo pixka bat ere bai. Badakit ezin dudala bideo batean edozein txorakeria esan edo egin, beste aldean adin askotako jendea dagoelako, sei urtetik aurrerakoa. Behin, guraso batek eskatu zidan kontuz ibiltzeko, umeak nik esandako hitz itsusiren bat errepikatu zuelako. Jarraitzaile gaztetxo asko ditut, beharbada identifikatuago sentitzen direlako adinez hurbilekoa duten norbait ikusita... Alabaina, kamera baten aurrean jarduten dudanez, askotan ahaztu egiten zait bideo hori jende askok ikusiko duela”. 

Jarraitu artikulua irakurtzen Aizu! aldizkarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide