Floreagako babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko epea zabalik

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 10a, 17:28

Eusko Jaurlaritzak, Etxebide Etxebizitza Zerbitzuaren bitartez, Floreagan eraikiko dituen hamasei babes ofizialeko etxebizitzetarako izen-emate epea zabaldu du. Inskribatzeko azken eguna urtarrilaren 23a da. 

 

Etxebizitzen zozketan parte hartzeko bete beharreko baldintza da aurrez Etxebiden izena emanda egotea erosketa aukeran. Hau da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipen prozesuaren agindua urtarrilaren 5ean argitaratu zen, eta eskatzailea izateko derrigorrezkoa da Etxebiden altan egotea data horren aurretik.

Gainera, beharrezkoa da 2015eko diru-sarrerak 9.000 eta 39.000 euro artekoak izatea eta titularra izango den bat behintzat EAEko udalerriren batean erroldatua egotea, gutxienez urtebetez. Halaber, bizikidetza unitatea ezingo da bost kide baino gehiagokoa izan.

Interesatuek Etxebideren webgunean dute informazio osoa. Edonola ere, Etxebiden erosketa aukeraren barruan inskribatuta daudenek gutun edo mezu bat jasoko dute galdetuz, ea zozketa horretan parte hartu nahi duten. 

Udalak gogorarazi du babestutako etxebizitzak erosi edota alokatzeko egiten diren zozketetan parte hartzeko beharrezkoa izaten dela Etxebiden izena emanda egotea, eta horixe egiteko gomendatzen die promozio publiko batean interesa dutenei, Floreagakoa ez delako izango aukera bakarra. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailak adostu du Idiakez Etxean babes ofizialeko beste 14 edo 15 etxe eraikitzea. Visesaren Administrazio Kontseiluak ontzat eman zuen proiektua urriaren 3an, nahiz eta oraindik datarik ez duten jakinarazi.

Floreagan, Eusko Jaurlaritzak bigarren bloke bat ere eraikiko du beste babes ofizialeko 14 etxerekin. Horiek alokairura bideratuko dira Alokabideren eskutik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide