Attube baserrian grabatuko dute "Errementari" filmaren sekuentzia bat

"Errementari" filma.

Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren Errementari filma grabatzen hasi dira gaur Aiako Agorregiko parajeetan, eta Maxixatzenek jakin duenez, filma horren sekuentzia bat Aizpurutxo eta Martitte auzoen arteko Attube baserrian filmatzea erabaki dute. Antza, egurrarekin sua egiteko erabiltzen den ekonomika modelo jakin bat dagoelako baserrian. Grabaketak urtarrilaren 2an eta 3an egingo dituzte, eta taberna baten itxura emango diote baserriari.

 

Urquijo zuzendariaren lehen luzeak Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako ipuin mitologikoa eramango du pantaila handira. Filma euskaraz errodatuko dute, eta fantasiazko generoko anbizio handiko ekoizpena izango da.

Joxe Miguel Barandiaranek jasotako Patxi Errementaria herri-ipuinaren moldaketa librea izango da filma, eta, besteak beste, Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea eta Ramon Agirre arituko dira aktore-lanetan.

Filmaren sinopsia

10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortzen du, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

Informazio gehiago, loturan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide