2017ko Udal aurrekontua %16 igotzea aurreikusi dute

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 26a, 15:36
Argazkian, Ana Azkoitia eta Javier Zubizarreta, 2017ko Udal aurrekontuak aurkezten.

2017an Udalak 15.780.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %16 gehiago. Sail bakoitzera bideratutako partidak, oro har, mantendu edo igo egingo dituzte. Kiroletan, Kulturan, Hezkuntzan, Berdintasunean eta Ongizatean, esaterako, gora egingo dute. Euskarari dagokionez, berriz, mantendu egingo dituzte aurrekontuak. 2017rako proiektu nagusiak Jausoro eta Altzibar lotuko dituen zubia eraikitzea eta Plaza Berriren eraberritzea izango dira, besteak beste.

 

Iazko kontuekin alderatuz, Udalaren aurrekontua %16 igo da. Igoeraren arrazoia da 2016an Udalak Urrategi Bideko bi lursail Lidl supermerkatuari saldu izana da. Konpainia alemaniarra arduratuko da lursailaren urbanizazio kostuez, baina Udalak esleituko dituenez lanak, kopuru globalean eragina dute, eta 1.735.042 euro bideratuko dituzte horretara. Bestalde, Oteiza Frontoiak berritzeko, hileta zibilak egin ahal izateko, haur parke guztiak homologatzeko, Aizkibel Udal Liburutegiko altzariak berritzeko eta baserri bideak konpontzeko ere bideratuko dute aurrekontuen zati bat. Esku artean duten beste proiektu bat parke estaliarena da, eta Udalaren asmoa da 2017an "kokalekurik egokiena definitzea".

 

Argiztapena

2017an argiztapenaren hobekuntzarekin jarraituko du Udalak. "Benetako premia dago, baina duen kostuagatik, faseka egingo dira lanak", azaldu du Azkoitiak. Horretarako, iazko partida bikoiztu dute: 200.000 euro jarriko dituzte. 2016an zehar azterketa bat egin dute koadro elektrikoen egoera ikusteko, eta ondorioztatu dute argiak baino lehen instalazioak berritu behar direla: "Azken urteetan erabat baztertuta egon da argiteria eta gaur auzo oso bat argirik gabe geratzeko arriskuan gaude, horra iritsi gara. Luzitzen ez duen lan bat da, baina benetan urgentea dena".

 

Diru-laguntzak

2017an Udalak kirol eta kultur elkarteei ematen zaizkien laguntzak handitu egingo dituzte. Ongizate sailean ere, babesik gabeko adin txikiko eta familiei zuzenduriko laguntzen partida 85.000 eurotik 90.000ra igoko dute. Eta gazteei alokairua ordaintzeko ematen zaien laguntzen kopurua altuagoa izango da. Mantendu egingo dituzte, halaber, Alde Zaharreko lokal hutsen dinamizaziorako edota garapen bidean dauden herrialdeetara bideratutako partidak.

 

Enplegu politikak

Iraurgi Berritzenen bidez, Udalak enpleguaren eta aktibitate ekonomikoaren aldeko apostuarekin jarraituko du. 2017an, 229.000 euroko ekarpena egingo dio Iraurgi Berritzeni. Iaz baino zertxobait gutxiago da. Zestoa sartu da sozietatean, eta horrek eragin du ekarpenaren jaitsiera.

 

Elkargunea, San Jose eta Azkoitia Lantzen

Elkarguneak 774.000 euroko aurrekontua izango du eta San Jose egoitzak 73.300 eurokoa. Azkoitia Lantzenek, berriz, 2.030.069 eurokoa. Azkoitia Lantzenek Jaurlaritzari Txalon Errekako lurzoru bat salduko dio, eta 1.754.726 eurotan baloratu dute lursaila. "Azkoitia Lantzenek salmenta hori gauzatuko du 2012ko irailetik Eusko Jaurlaritzak asumitu duen Oinartxoko zabortegiko lixibiatuen tratamendua finantzatzeko. Lixibiatuen tratamendua ordaintzea Azkoitia Lantzeni egokitu zaio erantzule subsidiarioa delako eta salmenta honekin Jaurlaritzarekin duen zorra kitatuko du. Gu ez gara sartuko justua den ala ez esatera. Azkoitia Lantzenen egoera konplexua da, eta guri egokitu zaigu korapilo hori askatzea. Ahalik eta irtenbiderik egokiena ematen saiatu gara. Ez dezagun ahaztu ezta zabortegia zegoen tokian aktibitate ekonomikoa dugula gaur egun, eta horri esker, tratamenduen gastuak baino altuagoak direla udalak jasotzen dituen diru-sarrerak", azaldu du Azkoitiak.

 

Aurrekontu parte hartzaileak

Udal Gobernuaren eta beste taldeen artean sorturiko desadostasun nagusia aurrekontuak lantzerakoan aurrekontu parte hartzaileak egiteko eskaerak eragin du: "Partaidetza bozka bat baino kontzeptu zabalagoa da eta egunero saiatzen gara praktikan jartzen". Ana Azkoitiaren esanetan, kontuak parte hartzaileak dira: "Etengabe herritarrekin harremanetan gaude. Obrak hasten ditugun bakoitzean bizilagunekin bilerak egiten ditugu (Aingeru kalea, Iriarte Margolaria, Ama Josefa…),  eta hor dago oraintxe egin dugun Floreagako igogailuari buruzko inkesta ere. Zintzotasunez eta gardentasunez herritarrei informazioa ematea ere partaidetza da, ordezkari politikoengan delegatuta dutelako erabaki ahalmena".

 

Hona hemen prentsaurrekoan zehar Erlo telebistak hartutako irudiak:

Udalbatzak 2017ko aurrekontuak abenduaren 28ko udalbatzan bozkatuko ditu, 19:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide