Sidenorreko zuzendaritzari EEEa bertan behera uzteko exijitu diote langileek

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 29a, 19:19
Azkoitiko Sidenor enpresa.

Gaur, azaroak 28, Sidenorreko zuzendaritzak Lanerako Egokitzapen Plana izeneko plana aurkeztu du. Plan hori lantoki guztietarako EEEa (Enplegua erregulatzeko espedientea), hainbat malgutasun neurriz osatuta dago: malgutasunezko 80 ordu, lanpostuen arteko mugikortasuna, langileak lantoki batetik beste batera bidaltzeko aukera, oporren zatiketa... LABek uste du malgutasun osoa enpresarentzat izatea dakarrela horrek, eta enpresak lantoki guztietarako aurkeztutako EEEa baztertu du LABek. Gaur egun 400 langile inguru ditu Azkoitiko Sidenor enpresak, eta lan orduak %62ra jaistea proposatu du zuzendaritzak. Enpresaren erabaki horiek negoziatzeko elkartu dira enpresako zuzendaritzako kideak eta sindikatuetako ordezkariak. 

 

Lehenik eta behin, enpresak ez diola informaziorik eman salatu du, eta baita EREa aurrera eramateko enpresak erakutsitako "ez ohiko azkartasuna" ere: "Ez da ulergarria ehunka orritako dokumentazioa jaso eta negoziazioak ostegun honetan bertan hastea", azaldu dute. Ez dagoela "inolako arrazoirik" uste dute horrelako planteamendua luzatzeko, Euskal Herriko lantoki gehienak beren jardueraren %100an daudenean. Beraz, EEEa "arrazoitua ez egoteaz gain, ezinezkoa" dela uste dute hori guztia aurrera eramatea.

Horrengatik guztiarengatik, EEEa bertan behera uzteko exijitu diote zuzendaritzari eta, horren ordez, epe bat ireki dezala langile batzorde bakoitzari eman beharreko informazio eta datuak helarazteko eta, horren arabera, dagozkien neurriak hartzeko. 

Enpresak proposamena baztertu du. LABek azaldu du erabaki horrek ez dituela "harritu", bai, ordea, UGT, CCOO eta USO sindikatuen jarrerak. Sindikatu horiek ez dutelako inongo oztoporik jarri eta, "EEEa negoziatzeko mahaiaren eraketa erraztu" diotela enpresari uste du LABek.

Sidenorreko langileek Lanerako Egokitzapen Plan gutxiago eta industria plan gehiago behar dutela salatu dute: "Ez ditugu ezagutzen zeintzuk diren Sidenorreko planak beren lantokietarako, zeintzuk izango diren beren inbertsioak, aurrerantzean egin beharreko produktuak, euren apustuak... . Ez dago eskubiderik egin digutena egiteko; Sidenorreko zuzendaritza berriak huts egin digu. Gaurdanik badakigu zein asmo dituen langileekin, baina ez ditugu ezagutzen enpresarako dituen planak. Agian instituzioei kontatuko dizkiete, langileei, ez, ordea".

LABek Sidenorreko zuzendaritza berriari Sidenorreko Euskal Herriko lantokietarako enplegua eta etorkizuna bermatuko dituen industria plan bat aurkez dezala exijitu dio, enplegua eta etorkizuna bermatuko dituena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide