Baldintzapean aske geratu da Jose Ramon Lete 'Traki'

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 18a, 18:00
Jose Ramon Lete Alberdi "Traki"

 

Kalean da Traki preso azkoitiarra, ia 15 urte espetxean igaro ondoren. 'Ezustean' jaso du albistea familiak. Eguerdian atera da A Lamako (Pontevedra, Galizia) espetxetik. Lagunak eta senideak Galiziara bidean dira, eta ondorengo orduotan ekarriko dute herrira. Bihar egingo diote ongi-etorria, Azkoitiko plazan, 13:30ean.

 

Jose Ramon Lete Alberdi Traki preso azkoitiarra kalean da. Eguerdian utzi du libre epaileak, baldintzapean. Presoaren etxekoek maxixatzen.eus-i azaldu diotenez, abokatuak deitu die, albistea emateko. "Ezustean" hartu dute berria, ez zuten eta "inolaz ere espero".

A Lamako (Pontevedra, Galizia) espetxean igaro ditu azken hilabeteak Trakik. 14:00ak inguruan utzi dute aske, eta kartzelatik gertu dagoen ostatu batera joan da. Handik, berak deitu die etxekoei.

Albistea jakin orduko, hainbat lagunek eta senidek Galiziarako bidea hartu dute. Datozen orduotan iritsiko da herrira preso ohia.

1980an alde egin zuen Trakik Azkoititik. 19 urte zituen. Hogei urtetik gora ihesean eman ondoren, 2001eko abenduaren 21ean atxilotu zuten Frantzian, ETAko kide izatea egotzita. Joan den ekainean, Frantziak ezarritako zigorra osorik bete zuenean, Espainiaren esku utzi zuten. Orduan, hainbat herritarrek agerraldia egin zuten, 'Traki herrira' ekartzeko eskatuz.

Deklarazioa hartu ondoren, Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Madrilgo Soto del Real espetxera bidali zuen, terrorismo delitua leporatuta. Sarek salatu zuenez, "bakartuta eta isolatuta" egon zen azkoitiarra Madrilen. Abuztuaren hasieran Pontevedrara eraman zuten, eta gaur askatu dute, baldintzapean, epaiketa egin arte.

Biharko ongi etorri ekitaldia deitu dute, Azkoitiko plazan, 13:30ean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide