Udalak eta ikastetxeek elkarlanean, indarkeria matxista salatzeko ekintza antolatu dute azaroaren 25erako

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 18a, 10:15
Ikastetxeetako ordezkariek eta Udaleko Berdintasun eta Gazteria sailak osatu dute Hezkidetza foroa.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean, herriko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleak kalera irtengo dira, "tratu onak aldarrikatzera eta indarkeria ekintza tamalgarriak salatzera". Eguerdiko 12:30ean, ikasleak beltzez jantzita, Balda plazatik herriko plazara joango dira, eta han “ekitaldi xume baina ikusgarria” egingo dute. Gainera, herriko LHko eta HHko ikastetxeetan ekimen ezberdinak egingo dituzte.

 

Azaroaren 25eko ekintzarekin indarkeria matxista “gure artean oraindik sustraituta” dagoela salatu nahi dute. “Egiturazko ezberdintasun eta bereizkeriak eta botere banaketa desorekatua dira indarkeria matxistaren oinarri. Oraindik ere, gure jendarte honetan, emakume izateagatik soilik, bizi baldintza okerragoak, indarkeria sinbolikoa, fisikoa eta sexuala, soldata txikiagoak, lan zama handiagoak, eta abar jasan behar izaten dituzte emakumeek”.

Mikel Alberdi Urola ikastolako ordezkariak esan du “pauso txikiak ematea” bakoitzaren esku dagoela “eskoletatik hasi eta beste edozein alorretan”. Gaineratu du elkarrekin "ekimen asko garatzeko aukera" dutela. “Indarkeriak jazoera dramatikoak ekartzen ditu, baina guk ikastetxeetan eta jendartean tratu onetan oinarrituriko gizartea nahi dugu. Tratu txarrez aritzen gara, baina uste dugu tratu onez hitz egiten hasteko ordua dela, bizikidetzaren oinarria baita”.

Hezkidetza proiektuaren baitan, Udalak eta ikastetxeek elkarlanean urteak daramatzate indarkeria matxistaren aurka lanean, ikasleak berdintasunean hezten ahaleginduz. Hezkidetza Foroa ere osatuta dago elkarlanean aritzeko: Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko udalen eta ikastetxeen topagunea da, eta hainbat ekimen jarri ditu martxan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko.

Udalak eta Azkoitiko ikastetxe guztiek –Xabier Munibe ikastola, Floreaga Ikastetxea eta Urola Ikastola- emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, azaroaren 25erako antolatu duten ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide